Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Turkiako agintariek 46.000 hildako zenbatuak dituzte, lurrikara gertatu eta hilabetera

Save the Children erakundeak adierazi du biktima asko larri dabiltzala elikagaiak lortzeko.

Emrah Altun, lurrikaran hildako Aynur emaztearen, bi urteko eme Egemen eta bederatzi urteko alabar Arya Berenen hilobian, Kahramanmaras hiriko hilerrian. SEDAT SUNA / EFE
2023ko martxoaren 6a
10:10
Entzun

Otsailaren 6an lurrikara indartsu batek hondamendia eragin zuen Turkian, Sirian eta Kurdistanen. Hilabete bete den honetan, Turkiako agintariek eman dute orain arte hildakoen kopurua: 45.968.

Ika-mika egon da azken egunotan, Ankarako Gobernuaren eta Turkiako Sendagileen Elkargoaren artean, biktima kopuruaren inguruan. Duela hiru aste, gobernuak 41.000 pertsona hil zirela zenbatu zuen, baina elkargoak adierazi zuen litekeena zela 60.000 izatea. Benetako egoera ezkutatzea egotzi zieten agintariei.

«Daukagun edozein kopuru nazioarekin partekatuko dugu», esan du Suleyman Soylu Barne ministroak bart. Edonola ere, ukatu egin du kopuru erreala gobernuak emanikoa baino handiagoa dela.

Elkargoak txostena aurkeztu zuen atzo, eta, datu zehatzik eman ez bazuen ere, gardentasuna eskatu zion gobernuari. Adibide bat eman zuten: Kahramanmaras hirian hildakoen kopuru ofiziala 6.000koa bada ere, 11.000 pertsona lurperatu dituzte han.

Soyluk onartu egin du hildakoen artean 4.235 siriar daudela, herrialdeko gerra zibileko iheslariak.

Gaur adierazi dute 1,5 milioi pertsona bizi direla 332 kanpalekutan.

Save the Children erakundeak gau adierazi duenez, biktima asko larri dabiltza elikagaiak lortzeko. Izan ere, hornidura arazoak daude, eta asko garestitu dira elikagaiak.

«Kalte handia pairaturiko Siriako iparraldeko hainbat barrutitan, azoketan elikagai gutxi edo bat ere ez dago», adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak.

«Ez dago galtzeko astirik: hil edo bizikoa da Siriako familiei laguntzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.