Antimilitarismoa

Ehun kolektiboak Bardeako eremu militarreko lurrak «desjabetu» ditu, «Euskal Errepublikaren izenean»

Eremura sartzea galarazten duen kate bat moztu dute ekintzaileek, eta debekatzeko seinaleak bota.

Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 6a
11:11
Entzun

Txaranga baten musikarekin lagunduta, Bardea eremu militar bihurtu izanaren aurkako ekintza egin zuen larunbatean Ehun kolektiboak. Eremu militarreko lurrak sinbolikoki «euskal errepublikaren izenean desjabetu» dituztela adierazi dute. Zabaldu duten bideoan ageri denez, eremura sartzea galarazten duen kate bat moztu dute ekintzaileek, eta debekatzeko seinale bat bota.

Hedabideetara bidalitako oharrean, Ehunekoek gogoratu dute duela 37 urte Hego Euskal Herriko herritar gehienek ezezkoa eman ziotela NATOri. «Urte luze hauetan euskal herritarron hitza ez da errespetatu, eta badakigu aurrerantzean ere ez dela errespetatuko». Horrez gain, NATOk «Espainiaren eta Frantziaren bitartez» Euskal Herria beste gerra batean sartu duela azaldu dute.

Herritarrek orduan adierazitako nahia betetzeko eta NATOtik ateratzeko modu bakarra Euskal Errepublika eratzea dela adierazi du taldeak. «Bakearen eta antimilitarismoaren aldeko borrokak, gaur eta hemen, NATOtik ateratzea esan nahi du derrigorrean. Eta NATOtik ateratzeak, derrigorrean, euskal errepublika esan nahi du. Gurean, gerraren kontrako borroka errepublika propioaren aldeko borroka da».

Bide horretan aldebakarrez jokatzea besterik ez dagoela adierazi dute. «Espainiak eta Frantziak gerra eta heriotza, euskal errepublikak bizitza».

Antimilitarismoa

Lehen ere egin ditu ekintza sinbolikoak mugimenduak, antimilitarismoaren alorrean. Iazko martxoan, esaterako, Donostiako Loiola auzoko kuartelaren aurrean, militarren kuartela «desjabetzeko» eta «herriaren esku» uzteko ekintza egin zuten.

Ehun herritar mugimendu nazionala 2019an sortu zuten, euskal errepublikaren alde aritzeko. Haren helburua euskal errepublikaren aldeko «gehiengo zabala» sortzea da, «behetik egindako lanaren eta konfrontazioaren» bitartez. «Gehiengoari gustagarria zaion aurpegia» jarri asmo diote aldarrikapenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.