Alderdiak

Otegiren ustez, nazio auziak agenda politikoan jarraituko du gerora ere

Iragarri du EH Bilduk «politika industrial ekintzaile baterako oinarriak» aurkeztuko dituela aurki

Arnaldo Otegi, Nueva Economia forumean berbetan. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 6a
13:20
Entzun

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren ustez, nazio auzia agenda politikoan egongo da agintaldia amaitzeko falta diren hilabeteetan, baita hurrengo agintaldian ere. «Azkenean, nazio auzia beti azaleratzen da. Espainiako Estatuak onartu behar du plurinazionala dela, eta osatzen duten nazioek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar dutela». Esan duenez, ez da egia independentismoa gutxiengo baten hautu politikoa denik: «Inkesten arabera, gehiengoa independentziaren alde egon daiteke baldintza batzuk betez gero; adibidez, galdeketa adostua izatea, edo denek emaitzak errespetatzeko konpromisoa hartzea».

Nueva Economia foroan egindako hitzaldian, Otegik ekonomia gaiak jorratu ditu batez ere. Euskal ekonomiak pairatzen dituen zenbait aje zerrendatu ditu: industriak pisua galdu izana, euskal enpresen «errotze» txikiagoa, enpresa familiarrek aurrera egiteko dituzten zailtasunak eta abar. Otegiren ustez, beharrezkoa da «subiranotasun estrategikoa», hau da, «erabakitzea herri hau noraino izango den autosufizientea energian edo elikagaien ekoizpenean, industria sarea nola errotuko den, zer eta nola ekoitziko duen datozen urteetan eta abar».

EH Bilduk «euskal enpresa eredua» proposatzen du: «Lurraldean erroturiko enpresak, langileen parte hartzea sustatzen dutenak ekoizpenaren inguruko erabakietan eta irabazien banaketan, eta lan harreman demokratikoak izango dituztenak». Halaber, sektore publikoak «dinamikoa, ekintzailea eta berritzailea» izan behar duela deritzo, eta ekonomian «trakzio funtzioa» bete behar duela.

Otegik iragarri du datozen asteetan EH Bilduk «politika industrial ekintzaile baterako oinarriak» aurkeztuko dituela, eta horrek lau ardatz izango dituela: zenbait arlotan sektore publikoak «gidaritza» izatea, lan harremanen euskal eredua, euskal enpresa eredua eta lanaren banaketa, lanaldia 32 ordura murrizteko aukera ere aintzat hartuz.

Bozetan, aurreikuspen onak

Ekonomia izan da Otegiren hitzaldiaren ardatza, baina galderen txandan mota askotako gaiak jorratu ditu EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Maiatzean izango diren foru eta udal hauteskundeen inguruan, esan du EH Bilduren aurreikuspenak «oso onak» direla: «Bost urte daramatzagu hazten, eta orain ere hazten jarraituko dugu. Lehenengo udal indarra izaten jarraituko dugu, alde handiagoz, eta Hegoaldeko lau hiriburuetatik hirutan alkatetza lortzeko lehian egongo gara».

Edonola ere, Otegik nabarmendu du garrantzitsuena ez dela emaitza onak izatea, «emaitza horiekin zer egiten den» baizik, eta alde askotako itunak egiteko aukera planteatu du: «Herri askotarikoa garela esaten dute maiz, eta hala da, baina gero itunak beti berdinak eta norabide berekoak izaten dira beti. Gu prest gaude itunak egiteko batzuekin eta besteekin, baina beti beste politika batzuk gauzatzeko».

Espainiako Gobernuak egindako ibilbideaz, Otegik esan du «orain arte ibili gabeko esparru batzuk» jorratzeko balio izan duela, baina beti dagoela «78ko erregimenaren aldeko itunetara» itzultzeko arriskua; «oker handia» litzateke hori haren aburuz. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuarekin duten harremanari dagokionez «umiltasunez, zentzuz eta sen onez» jokatzen saiatu dira beti: «Presoen auzian, legea bete dezatela baino ez diegu eskatu, eta gainerako politiketan, beren hauteskunde programa bete dezatela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.