PSE-EEk eta EH Bilduk aurrekontu akordioa itxi dute Eibarren

Ia milioi bat euro balio duten zenbait zuzenketa txertatuko dituzte.

PSE-EEko eta EH Bilduko kideak, gaur goizean. @PSEEIBAR
2023ko martxoaren 6a
14:34
Entzun

Eibarko (Gipuzkoa) PSE-EEk aurtengo aurrekontuak onartzeko akordioa itxi du EH Bildurekin. Aurrekontu aurreproiektuan ia milioi bat euroren zenbait zuzenketa txertatzea adostu dute bi aldeek, eta, trukean, koalizio subiranista abstenitu egingo da bozketan.

Jon Iraola alkatearen (PSE-EE) esanetan, bilkuraren «gehiengo zabal baten» babesa jasoko dute aurrekontuek: «Hori arrakastatzat jotzen dugu». PSE-EEko eledun Ana Telleriak gehitu du pertsonak erdigunean jarrita egin dituztela aurrekontuak, eta orain adostutako zuzenketekin «aberastu» egin dutela aurrez zehaztutakoa.

EH Bilduko Gorka Errastik, berriz, azaldu du «hiriarekiko ikuspegi estrategiko bat» islatzen duela akordioak, eta harekin «eibartarren bizi kalitatea hobetuko» dela. «Itunak beste behin erakutsi du elkarrizketarako ahalmena dugula, baita akordioak egiteko gaitasuna ere», adierazi du koalizioko eledunak.

Eibarko Udal Gobernuak prestatutako aurrekontu aurreproiektua 45,8 milioi eurokoa zen. Hari txertatuko dioten zuzenketarik handiena, 300.000 eurokoa, Barrena eta Barakaldo kaleetako jolas parkeak berritzeko izango da; 60.000 euroko beste diru sail bat ere jarriko dute beste parke batzuk berritzeko. Horiez gain, hilerria egokitzeko, herrian hutsik dauden etxebizitzen inguruko ikerketa bat egiteko, tutoretzapeko etxebizitzen udal parke bat sortzeko eta karabana parking bat egokitzeko diru sailak ere adostu dituzte. Kultur arloan, berriz, Street Art festibala eta Eibar Entzun jaialdia antolatzeko urratsak egingo dituztela jakinarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.