Albistea entzun

Migratzaileak

Asiloa eskatzeko baldintzak gogortuko ditu Erresuma Batuko Gobernuak

Parlamentuak onartu behar duen lege proposamenak eskumena ematen dio Barne Ministerioari paperik gabeko migratzaileak atxilotu eta kanporatzeko. Haren arabera, «legez kanpo» sartzen direnek ezingo dute asilorik eskatu Erresuma Batuan.

Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunak, joan den astean, Londresen. /
Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunak, joan den astean, Londresen. / Tolga Akmen/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 7 18:40

Erresuma Batuko Parlamentuan goizetik ari dira eztabaidatzen Legez Kanpoko Migrazio Legea. Proposamenak behar adina babes jasoko balu, aurrerantzean Barne ministroak eskumena izango luke herrialdean paperik gabe sartzen diren migratzaileak atxilotu eta kanporatzeko. Horrez gain, atzemandako pertsona horiek galdu egingo lukete asiloa eskatzeko eskubidea edota etorkizunean herrialde hartara sartzekoa. Barne ministro Suella Bravermanen esanetan, araua «beharrezkoa» da «krisia» konpontzeko. Bravermanek aitortu du legeak, indarrean sartuz gero, «tenkatu» egingo duela nazioarteko legedia, baina azpimarratu du ez duela urratuko. Londresek onartu nahi duen lege proposamenak ahalbidetuko luke paperik gabeko migratzaile oro atxilotu eta kanporatzea epailearen agindurik gabe, hura herrialdera iritsi eta lehen 28 egunetan.

Braverman bera arduratu da proposamena aurkezteaz. Barne ministroaren esanetan, egun asilo sistemak «gainezka» egin du «legez kanpoko migrazioaren ondorioz». Bravermanek nabarmendu du azken urteetan iritsi diren «migratzaile guztiak» heldu direla «herrialde seguruetatik», eta «gehienak» 40 urte baino gutxiagoko gizonezkoak direla. Ordezkari kontserbadoreak aitortu du lehendik ere eginak dituztela ahaleginak «auzia konpontzeko», baina ez dela aski izan: «Jendea nekatu da. Gobernuak urratsak egin behar ditu».

Eztabaida ez da berria. Rishi Sunak lehen ministroak joan den abenduan iragarri zuen lege berri bat onartuko zutela «argi» utziko zuena, Erresuma Batuan paperik gabe sartuz gero, ezingo dela bertan geratu. Arauak, zehazki, herrialdera txalupa txikietan heltzen diren migratzaileei eragiten die. «Neurri hau da bidezkoena bertakoentzat eta asiloa legezko bideetatik eskatzen dutenentzat», idazti du Sunakek berak The Sun egunkarian. Proposamenak, ordea, talka egiten du nazioarteko legeekin, zeintzuen arabera ezin zaio herrialdera iritsi den migratzaile bati asiloa askatzea ukatu, baldin eta aurreko aldietan eskatzeko aukerarik izan ez badu.

Ez da lehen aldia Alderdi Kontserbadorea migrazioak geldiarazten ahalegintzen dena. 2019an, esaterako, ia bi mila lagun heldu ziren Erresuma Batura itsasoz, Mantxako kanala zeharkatuta. Urte hartan kostaldean zaintzeko bi ontzi gehiago jarri zituen Londresek, eta Frantziarekin elkarlanean ohartarazi zien migratzaileei kanala paperik gabe zeharkatuz gero kanporatu egingo zituztela. Bi urte geroago, 2020an, 8.466 migratzaile heldu ziren, eta bi estatuek gogortu egin zuten mugako segurtasuna. Aldi berean, Londres kostazainak baliatzen hasi zen itsasoz heltzen ahalegintzen ziren migratzaileei atzera eginarazteko, eta heltzen zirenak barrakoietan jarri zituzten. Neurri horiek guztiak hartuta ere, 2021ean 28.500 migratzaile baino gehiago heldu ziren herrialdera; iaz, berriz, 45.750 baino gehiago.

Salbuespena

Sunaken proposamenaren arabera, Barne Ministerioak luke migratzaileak «kanporatzeko betebeharra», baina neurri horrek baluke salbuespenik: 18 urte baino gutxiagokoak eta osasun arazo larriak dituztenak. Gaur onartuta ere, legea ez da berehala indarrean sartuko, hilabete batzuk beharko ditu, baina atzera begirakoa izango da, hau da, onartzen dutenetik aurrera Erresuma Batuan paperik gabe sartzen den oro egongo da deportatua izateko arriskuan, nahiz eta araua oraindik indarrean egon ez.

Lege berriak talka egingo du Londresek Europako Giza Eskubideen Itunarekin hartutako konpromisoekin, baita NBEren Errefuxiatuen Konbentzioarekin ere; azken horrek bermatzen ditu herrialdera heltzen diren asilo eskatzaileen eskubideak. Izan ere, ez da gauza bera errefuxiatua eta migratzailea. Errefuxiatua da bere herrialdea uztera behartutako pertsona, dela gerratik ihesi egin behar izan duelako, jazarria izan delako edo natur hondamendi baten ondorioz; aldiz, migratzailea da toki batetik bestera mugitzen den edonor. Kasu honetan, kontzeptuak garrantzi handia du, legeak paperik gabe heltzen den edonor Ruandara edo «beste herrialde seguru batera» kanporatzeko eskumena eskaintzen baitio Barne Ministerioari, haien jatorrizko herrialdea edozein dela ere.

Londresek lehendik ere badu indarrean arau bat, zeinaren arabera zenbait asilo eskatzaile Ruandara kanporatu ditzakeen. Baina gaur arte ez du baliatu, nahiz eta zenbait iturrik aurreratu dutenez laster has daitekeen. Sunakek berak iragarri zuen atzo harremanetan diharduela Ruandako presidente Paul Kagamerekin, proposamenak aurrera jarraitzen duela bermatzeko.

Sunaken gobernuak iragarri du asiloa eskatzeko «bide seguru berriak» ahalbidetuko dituela datozen hilabeteetan, baina soilik mugak segurtatu ondoren. Ordea, gobernuburuak ez zuen aurreratu noiz izango den hori. Iaz Albaniatik, Afganistandik eta Irandik joandako migratzaileak izan ziren asiloa eskatu zutenetatik gehienak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...