Literatura

Idazketa, edizioa eta irakurketa izango ditu ardatz Gutun Zuria jaialdiak

Martxoaren 28tik apirilaren 1era 30 jardueratik gora antolatu ditu Bilboko Azkuna zentroak. Anjel Lertxundik eta Cristina Riverak jasoko dute ohorezko saria.

Gutun Zuria jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan. AZKUNA ZENTROA
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko martxoaren 7a
13:37
Entzun

Literatura ardatz bakar zela hasi zuen ibilbidea Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiak, 2008an. Hamabost aldiren ostean, literatura sortzeko, banatzeko, komunikatzeko eta kontsumitzeko modu berriak daudela islatuko dute festibalaren bitartez. Idatzi, editatu, irakurri lelopean, idazketa, edizioa eta irakurketa «prozesu beraren parte» direla nabarmendu du Ivan de la Nuez jaialdiko aholkulariak, eta horixe izango da, hain zuzen, aurtengo ardatz nagusia. Martxoaren 28tik apirilaren 1era bitarte egingo dute, eta egitarau «zabala, askotarikoa eta kalitatezkoa» prestatu dutela aurreratu dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko Azkuna zentroan eta euren webgunean.

Martxoaren 28an abiatuko da jaialdia, eta askotariko topaketak, sortzaileen arteko elkarrizketak eta tailerrak prestatu dituzte, besteak beste. Anjel Lertxundik emango dio hasiera jaialdiari: solasaldi bat egingo du Adan Kovacsics idazle eta itzultzaile txiletarrarekin, Lecturas de los demás, lecturas de mí mismo izenburupean. Arratsaldean, berriz, Abraham Boba musikariak Esto no es una canción poesia errezitala egingo du Azkuna zentroko auditorioan.

Guztira, 30 sortzailetik gora arituko dira jaialdiak irauten duen bost egunetan. Tartean, Manuel Rivas, Gonçalo M. Tavares, Juan Pablo Villalobos eta Elvira Navarro literatura garaikideko erreferenteak; Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao eta Sara Torres narratibako ahots berriak; Katixa Agirre eta Eider Rodriguez idazleak; eta Iñigo Martinez Peña, Jon Gerediaga eta Bob Pop autoreak, idazkera antropologiatik, filosofiatik, psikologiatik eta interpretaziotik jorratzen dutenak.

Jarduera osagarriak

Ohiko egitarauaz gainera, bestelako jarduera osagarri batzuk ere prestatu ditu Azkuna zentroak. Desideratak kale antzezlana izango da horietako bat. Esperientzia gisa planteatu du proiektua Rakel Esparza Azkuna zentroko programazio arduradunak: «Pazienteak liburuak diren ospitale bat bisitatuko du ikusleak». Mama Crea konpainiak eta Azkuna zentroak elkarlanean ondu dute ikuskizuna, eta martxoaren 20tik 27ra ikusi ahal izango da, Bilboko kaleetan.

Horrez gainera, Desiree Rubio artistak bi tailer eskainiko ditu: Izenburua tenkatu eta Liburua kontzeptu gisa lantzeko beste modu batzuk. Hilaren 29an eta 30ean izango dira horiek, hurrenez hurren, Mediateka BBK aretoan eta Azkuna zentroko Kubo Baltza aretoan. Amaitzeko, Juan Pablo Villalobos idazle mexikarrak Historias del Raval literatura proiektua landuko du eskoletako zenbait ikaslerekin.

Sari banaketa

Bilboko literatur jaialdiak iaz banatu zituen estreinakoz BBK Gutun Zuria ohorezko sariak, euskal autoreei eta nazioartekoei aitortza adierazteko. Aurten, Anjel Lertxundi idazleak eta Cristina Rivera Garza eleberrigile, poeta, ipuingile eta saiakeragileak jasoko dute, martxoaren 17an. Egun horretan bertan, gainera, solasean jardungo dute Riverak eta Isabel de Naveranek, 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.