EKIALDE HURBILA

Israelgo armadak sei palestinar hil ditu Jeninen, eta hamasei lagun zauritu

Tel Aviven arabera, otsail amaieran bi kolono hil zituen ustezko egilea atxilotzera joan dira Israelgo indarrak Jeningo errefuxiatuen kanpalekura. Atzo, kolonoek sei palestinar zauritu zituzten Huwaran.

Palestinar bat, larri, Israelgo armadak zauritu ondotik, joan den otsailean, Jeningo ospitale batean, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 7a
17:15
Entzun

Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Israelgo indarrek sei palestinar hil dituzte tiroz, Jeningo (Zisjordania okupatua) errefuxiatu kanpalekuan egindako sarekada batean. Horrez gain, beste hamasei lagun zauritu dituzte, eta horietatik bi «larri» daude, bularrean eta pelbisean jasotako tiroen ondorioz.

Israelgo indarrek Haaretz Tel Aviveko egunkariari azaldu diotenez, otsail amaieran bi israeldar hil zituen ustezko egilea atxilotzeko operazioa egin dute Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan. Kazetaren arabera, une batez tiroketak izan dira militante palestinarren eta Israelgo armadaren artean. Wafa albiste agentziako berriemaile baten arabera, berriz, Israelgo armadak misil bat jaurti du etxe baten aurka.

Hain justu, oldarraldi horretan hil dira sei palestinar, tartean otsail amaieran bi israeldarri eraso egin zien ustezko egilea. Horrez gain, Tel Avivek bigarren operazioa egin du beste errefuxiatu kanpamentu batean, Nablus hiritik gertu, eta gutxienez hiru palestinar atzeman ditu; horietatik bi, otsaileko erasoko ustezko erasotzailearen semeak.

Bestalde, atzo gauean, kolono juduek palestinarrei eraso zieten Huwaran, Zisjordanian, Wafa agentziak Palestinako agintarien iturriak aipatuz jaso zuenez. Gertakari horretan, gutxienez sei palestinar zauritu ziren; besteak beste, adingabe bat.

Eta iragan ostegunean, Israelgo armadak 15 urteko palestinar bat hil zuen, tiroz, Azzoun herrian, Zisjordanian. Hala salatu zuten Palestinako agintariek. Herriko alkateak Al Jazzera telebista kateari azaldu zionez, Israelgo indarrak azken orduan sartu ziren Azzounera, eta gazteek harriak jaurti zizkieten; Israelgo agenteek, berriz, tiroz erantzun zieten, eta gisa horretara hil zuten palestinarra.

Joan den astean, istilu larriak egon ziren israeldarren eta palestinarren artean, Zisjordanian. Ekintzaile palestinar batek bi kolono hil zituen tiroz, eta, mendeku gisa, hainbat juduk palestinarren aurkako erasoaldia egin zuten Nablus hiriaren ondoko herri batzuetan: Huwaran, Burinen, Zataran, Odalan eta Asira al-Qabaliyyanen. Palestinako hedabideen arabera, pertsona bat hil zuten, eta hirurehundik gora zauritu. Horrez gain, gutxienez 75 etxe eta ehun auto erre zituzten.

Ikusi gehiago: Israelgo armadak bazekien kolonoek palestinarrei erasotzeko asmoa zutela Zisjordanian

Istilu horiek gertatu eta biharamunean, Wafa berri agentziak Israelgo zenbait hedabidetako iturriak aipatuz jaso zuenez, Israelgo armadak bazekien kolono juduek palestinarren aurka erasoaldia egiteko asmoa zutela. Israelgo indarrek, ordea, ez zuten «ezer egin» gertakari hura eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.