Sare sozialak

Tiktokek zenbait bideo monetizatzeko aukera emango du

'Series' du izena ezaugarri berriak; 20 minutura arteko bideoak argitaratu ahal dira horrekin. Erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute ezaugarri horren pean argitaratutako bideoak ikusi ahal izateko.

Nerabe batzuk sakelakoarekin. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 7a
18:26
Entzun

Hasieran, hamabost segundokoak ziren; gero, minutu batekoak, hirukoak, hamarrekoak... Tiktok sare soziala ez da motz geratu: gero eta bideo luzeagoak egin daitezke bertan —eta iraupen hori are luzeagoa egin du berriki—. Ezaugarri berri bat ezarri dute, hogei minutura arteko bideoak argitaratzea ahalbidetzen duena. Series du izena.

Ezaugarri horrek, ordea, badu bere kostua. Hogei minutura arteko bideoak argitaratzea doakoa izango da; horiek ikusteko erabiltzaileek ordaindu egin beharko dute. Sortzaile bakoitzaren esku egongo da zenbatekoa aukeratzea.

Oraingoz, Tiktokeko kontu gutxi batzuek dute Series erabiltzeko aukera, hastapenetan baitago. Sortzaileek beraiek ezar dezakete bideoak ikusi ahal izateko zenbat ordaindu beharko duten ikus-entzuleek. Denbora batez, irabazien guztizkoa poltsikoratuko dute, plataformaren tasak-eta kendu ostean. Gerora, ez dute zehaztu zenbatekoa izango den sortzaileek kobratuko duten ehunekoa.

Series-ek, hain zuzen, telesailek bezala funtzionatuko du. Denboraldi bakoitzeko, hogei minutura arteko 80 bideo argitaratu ahal izango dira.

Erabilea «mugatzea»

Bideoen iraupena luzatuagatik ere, Tiktokek erabiltzailerik gazteenen erabilera murriztu nahi du. 18 urtetik beherakoek pantaila aurrean pasatzen duten denbora gehienez ordubetekoa izatea nahi du. Ordubete igarota, «erabaki aktiboa» hartu beharko dute aplikazio barruan jarraitzeko.

Astero, aplikazioaren erabileraren inguruko txostena ere bidaliko die aplikazioak, nabigatzen igarotako denboraren eboluzioa erakustearren. Helburua, nola ez, gazteenek sakelako telefonoaren aurrean igarotzen duten denbora kudeatzen jakitea izango da.

Ikusi gehiago:Tiktok: Algoritmoaren kolore grisak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.