Tiktok adingabekoen erabilera mugatzeko pausoak ematen ari da

Ordubeteko mugara helduz gero, «erabaki aktiboa» egin beharko dute nahi adina ibiltzeko

Tiktoken erabilerari hainbat muga jartzen ari dira azkenaldian. BO AMSTRUP / EFE.
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Nahikoa dela esan du Tiktokek. «Ez dago adostasunik zenbatekoa den pantaila aurrean igarotako denbora egokia», baina ezinbestekotzat jo dute gazteenei hori «mugatzea». Aurki, 18 urtetik beherakoen eguneko erabilera ordubetera mugatuko du Tiktokek. Ez da araua izango, gomendio bat besterik ez: 60 minutu horiek gainditzean, aplikazioak pasahitz bat eskatuko die, bideoak-eta ikusten jarraitu ahal izateko. «Denbora hori luzatzeko erabaki aktiboa har dezaten exijituko diegu», adierazi du Cormac Keenan Tiktokeko segurtasun buruak.

Gomendio hori zurrunagoa izango da 13 urtetik beherakoentzat: horientzat ere ordubetekoa izango da muga, eta, hortik aurrera, ordu erdian behin eskatuko diete guraso edo tutoreei pasahitza.

Astero aplikazioaren erabileraren inguruko txostena ere bidaliko die aplikazioak, nabigatzen igarotako denboraren eboluzioa erakustearren. Helburua, nola ez, gazteenek sakelako telefonoaren aurrean igarotzen duten denbora kudeatzen jakitea izango da.

13 urtetik beherakoen kasuan, haien arduradunek oro har erabaki ahalko dute egunean zenbat denbora igaro dezaketen aplikazioan —egunaren arabera ere gehiago edo gutxiago izan daiteke—. Haiek ere ikusi ahalko dute egunean eguneko erabilera, goizekoa zein gauekoa; nerabeak Tiktokera zenbat aldiz sartu diren; eta jakinarazpenak ordu batetik aurrera mugatzeko aukera ere izango dute.

Tiktoken arabera, egun 13-15 artekoek ez dute jakinarazpenik jasotzen 21:00etatik aurrera; 16-17 artekoek, berriz, 22:00etatik aurrera. Beste neurri bat nahi dute ezarri: erabiltzaileei lotara joateko jakinarazpena, «errazago planifikatu dezaten noiz nahi duten egon saretik kanpo gauean».

Erabiltzaile nerabeen artean, Tiktokek baditu beste ezarpen batzuk: 13-15 urte bitartekoen profilak pribatuak dira berez, zuzeneko mezuak bidaltzeko gutxienez 16 urte behar dira, eta adin txikikoek ezin dituzte egin zuzeneko bideoak.

Herrialdearen arabera

Bytdance enpresarena da Tiktok aplikazioa, baita Douyin Txinako bertsioa ere. Duela urte eta erditik, 14 urtez beherako erabiltzaileek 40 minutura dute mugatua eguneko erabilera. Goizeko seiak eta gaueko hamarrak bitartean baino ezin dira aplikaziora sartu.

Beste alde batetik, badira herrialde batzuk Tiktoken erabilerari bestelako mugak ezartzen ari zaizkionak. Europako Batzordeak joan den astean iragarri zuen erakunde horretako langile publikoen sakelakoetan Tiktok erabiltzea debekatuko duela. Kanadak hartu du erabakia aste honetan: asteartetik, gobernuko langileen gailu eramangarrietan ezingo dute Tiktok izan, ezta deskargatu ere. Datuen segurtasunean aplikazioak eragiten dituen arriskuak daude muga horren atzean. AEBetako agentzia federaletan bide bera hartzekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.