Euskal presoak

Euskal emakume presoek jasaten duten «zigor hirukoitza» salatu dute Iruñean

Sarek eta Bilgune Feministak adierazi dute salbuespen politikek are «krudelago» bilakatu dutela euskal emakume presoen egoera.

Iruñean eginda elkarretaratzea, gaur arratsaldean. SARE HERRITARRA
Iosu Alberdi.
2023ko martxoaren 7a
18:31
Entzun

Sare Herritarrak eta Iruñerriko Bilgune Feministak deituta, motibazio politikoko emakume presoen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute Iruñean. Salatu dute «gizonentzat soilik pentsatutako» eremu batean daudela, horrek eragiten dituen ondorio kaltegarriekin: «Ez leku batean aurkitzen dira, sistema patriarkal honetan onartezina baita emakumea delitugilea izatea».

Bi plataformek adierazi dute emakume presoek «zigor hirukoitza» jasaten dutela. Batetik, «zigor penala», eurentzat prestatuta ez dagoen espetxe sistema baten pean. Horri zigor «soziala» eta «pertsonala» batzen zaizkie. Lehena, presoek «patriarkatuak emakumeari ezartzen dion rol pasiboa apurtzen dutelako»; bigarrena, «emakume txar» gisa epaitzen direlako.

Euskal presoei, gainera, salbuespen politiken ondorioak batu behar zaizkie. Lehen graduen aplikazio orokortua eta urruntze politika kritikatu dituzte, urteetan espetxe zigorrak are «krudelago» bihurtu dituzten bi elementu: «Emakumeentzako izendatuta dauden espetxeen eskasia dela eta, euskal emakume presoen egunerokoa gizonezkoena baino zailagoa da».

Egun, ez dago emakumezko euskal presorik lehen graduan, eta gehienak —22 preso— Euskal Herriko kartzeletan daude. Halere, gogoratu dute lau direla oraindik ere Espainiako eta Frantziako kartzeletan preso daudenak; bina estatu bakoitzean, Euskal Herritik 400 kilometrotik gorako distantziara.

Kartzelak «sistema patriarkalaren adierazle garbienetako bat» dira, Sareren eta Bilgune Feministaren esanetan, eta «emakume onak birsortzeko fabrika» gisa erabiltzen dira: «Emakumea sistema patriarkalaren arabera dagokion tokian jartzeko erabiltzen dituzte lan eremuak, tailerrak, janzkera araudiak, sexualitatea bizitzeko mugak...».

Hala, plataformek adierazi dute espetxeen arloa ere jorratu beharreko eremua dela «emakumeen ahalduntzea» eta «sistema patriarkalaren desegitea» lantzean: «Espetxe errealitate gordina behin betiko amaitzea gizarte osoari dagokigu». Bide horretan, motibazio politikoko emakume presoen etxeratze prozesua garatzeko lan egiteko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.