Hizkuntz eskubideak jomugan

Zupiriak dio euskarari buruzko sententzien atzean «sindikatu eta herritar batzuk» daudela

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela hizkuntzari buruzko erabakiak ahalik eta «adostasun handienarekin» hartzea.

Bingen Zupiria sailburua artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 8a
13:37
Entzun

«Gai delikatua». Horrela definitu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskarari buruzko sententzien eta hizkuntza eskakizunen sistemaren inguruko afera. Nabarmendu du «adostasun handia» dagoela alor horretan hartu izan diren erabakien inguruan, eta justiziak hori ere kontuan izan beharko lukeela. Hala ere, haren erranetan, sententzia horien atzean «ez dago justizia, sindikatu eta herritar batzuk» baizik. Uliazpiko sententziaren harira egin ditu adierazpen horiek.

Ikusi gehiago:Uliazpiko langileek, «epai euskarafoboa» salatu, eta oposizioen emaitza babestu dute

«Oso garrantzitsua da hartzen ditugun erabaki eta neurri guztiak adostasun handienarekin hartzea, guztiek onartutako bidean aurrera egin dezagun». Hortaz, adierazi du Kultura eta Hizkuntza Politikako saila «ahalegin ikaragarria» egiten ari dela etorkizunean hizkuntzaren normalizazioa gidatuko duen dekretuaren oinarria osatzeko alderdi politiko eta sindikatu guztiekin.

Zupiriak gogoratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Euskararen Legearen ibilbidea 1982an hasi zela; eta hizkuntzaren normalizazioaren prozesuari esker lortu dela «administrazio desberdinetan lan egiten duten 100 pertsonatik 72k beren lanpostuetan euskara erabiltzeko jakintza eta gaitasuna» izatea. Hortaz, azaldu du instituzio bakoitzari dagokiola neurriak hartzea, «bakoitzak dituen errealitate soziolinguistikoak kontuan hartuz».

Haren aburuz, hori da «zalantzan jarri» dena: «Botere judizialeko auzitegi batzuek erabaki batzuk hartu dituzte, zeinek dioten gehiegizko baldintzak planteatzen ditugula, eta lan deialdi horietan eskatzen dena gehiegizkoa dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.