Gerra Ukrainan

Guterresentzat, «funtsezkoa» da zerealen esportazioen akordioa luzatzea

NBEren idazkari nagusia Kieven izan da, Zelenskirekin batzartzeko. Stoltenbergek esan du Bakhmut «datozen egunetan» gera daitekeela Errusiako armadaren kontrolpean.

NBEren idazkari nagusi Antonio Guterres eta Volodimir Zeleski Ukrainako presidentea, gaur, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE
ander perez zala
2023ko martxoaren 8a
16:41
Entzun

Ukrainako zerealen esportaziorako akordioa bigarren epemugara iristear da. Inork ez badu kontrakorik esaten, itun hori automatikoki berrituko dute hilaren 18an, baina bada kezka Errusiaren jarreraren inguruan, Moskuk argudiatu baitu hilabeteotan «oztopoak» izan dituela bere produktuak kanpora saltzeko, eta, beraz, ez baitu oraindik bermatu luzapenari baiezkoa emango dionik. NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi eta hitzarmen horren defendatzaile Antonio Guterres, hortaz, hasi zaio Moskuri presio egiten: akordioa berritzea «funtsezkoa» dela argudiatu du, horren garrantzia «ezinbestekoa» baita elikagaien segurtasuna bermatzeko eta horien prezioa ez igotzeko.

Guterres Kieven izan da gaur, Errusiaren Ukrainako inbasioa hasi zenetik hirugarren aldiz. Volodimir Zelenski presidentearekin elkartu da, eta bilkura horren ondoren esan du Zelenski eta hura bat datozela itun hori garrantzitsua dela. Ukrainako presidenteak, gerora sare sozialetara igotako bideo batean, eskerrak eman dizkie NBEren idazkari nagusiari eta erakunde horri: «Orain, Ukraina da NBEren agiriaren helburuak eta printzipioak defendatzen ari dena. Uste dugu nazioarteko ordena eta balio unibertsalak babesteko beharra dagoela, eta [Guterres eta NBE] bat datoz horretan».

Ukrainak eta Errusiak iazko uztailaren 22an sinatu zuten akordioa, modu horretan blokeoa kentzeko Itsaso Beltzetik barrena esportatutako zerealei. Egun horretan negoziaturikoaren arabera, ituna iragan azaroaren 19an amaitzen zen, baina bazen hori luzatzeko aukera, aldeetako inork kontrako argudiorik ez bazuen. Hasieran, Moskuk eten egin zuen ituna, argudiatuta Kievek «helburu militarretarako» erabiltzen zituela itsas korridoreak. Gerora, baina, Turkiaren bitartekaritzari esker, Moskuk «idatzizko bermeak» jaso zituen, eta hitzarmenera itzuli zen, lehen epemugaren bezperan. Orain, epemuga hamar egun barrukoa da —akordioak lau hilabeteko iraupena izaten du aldi bakoitzeko—.

Laboreen esportazioen hitzarmenari baiezkoa emateko, NBEk beste akordio bat sinatu zuen Errusiarekin, bere zerealak eta ongarriak kanpora saltzen laguntzeko —Mendebaldearen zigor ekonomikoek zaildu egin dituzte—. Halere, hilabeteotan, Kremlinek esan du produktu horiek esportatzeko arazoak izan dituela, eta hori konpontzea ezinbestekoa izango dela Ukrainako laboreei buruzko akordioa berritzeko.

Aurreko luzapena onartu aurretik ere, kezka batzuk helarazi zituen Moskuk, argudiatuta aztertzen ari zela NBErekin negoziatu zuen hitzarmena bere kanporako salmententzat ere onuragarria izaten ari ote zen; azkenean, baiezkoa eman zion Ukrainako laboreen esportazioena luzatzeari, baina, oraingoan, ikusteko dago zer erabaki hartuko duen.

Errusia eta Ukraina zerealen eta ongarrien esportatzaile nagusietako bi dira, eta Moskuren eta Kieven arteko adostasunak 100 milioi lagun pobreziatik «salbatu» ditu, Guterresek joan den azaroan aitortu modura. Ituna gainbegiratzeaz arduratzen den zentroaren arabera, 23 milioi tona labore esportatu dituzte ituna sinatu zutenetik.

Wagnerrek esan du Bakhmuten ekialdea bere esku dagoela

Gerra frontean, egunotako arreta Donbassko Bakhmut hirian dago jarria. Errusiako Wagner mertzenario taldeko buru Jevgeni Prigozhinek gaur goizean esan du jada kontrolpean dutela hiri horren ekialdea. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, ohartarazi du «datozen egunetan» gera daitekeela hiri hori Errusiako armadaren esku.

EB Europako Batasuneko Defentsa ministroekin batzartu ondoren egin ditu adierazpenok Stoltenbergek: «Ikusten ari garena da Errusia tropa gehiago bidaltzen ari dela; kalitatea kopuruarekin ordeztu nahi du. [...] Galera handiak izan dituzte, baina, aldi berean, ezin dugu baztertu Bakhmut datozen egunetan eroriko dela». Testuinguru horretan, NATOren idazkari nagusiak garrantzia kendu dio balizko gertakari horri, eta ukatu egin du Ukrainak hiri horren kontrola galtzea «mugarri bat» izango denik.

Stoltenberg Nord Stream hodien leherketei buruzko azken informazioez ere mintzatu da, baina ez du horretaz ezer esanguratsurik esan. The New York Times egunkariak eta Die Zeit astekariak atzo argitaratu zuten «talde ukrainazale bat» izan zela erruduna, eta NATOko idazkari nagusiak erantzun du badakitela «sabotaje ekintza bat» izan zela, baina ez dakitela nor dagoen horren atzean.

Josep Borrell EBren diplomaziaburua ere arretaz aritu da afera horretaz, eta, bide beretik, adierazi du ez duela horri buruzko «informazio argirik, ezta frogarik ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.