Amiantoa

Amiantoagatik jasotako kalte ordainek PFEZa ez ordaintzea adostu dute Gipuzkoan

Datorren legealdian aldatu beharko dute foru araua. Bizkaian ahozko babesa eman diote talde guztiek proposamen berari.

Juan Carlos Ruiz / FOKU. AMIANTOAREN INGURUKO EPAIKETA BATEN HARIRA EGINDAKO ELKARRETARATZEA DONOSTIAN, ARTXIBOKO IRUDI BATEAN.
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 8a
17:39
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde politiko guztiak ados jarri dira amiantoagatik ematen diren kalte ordainengatik PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ordaindu ez dadin. Elkarrekin Gipuzkoak egindako proposamena EAJk eta PSE-EEk babestu zuten, eta gaur talde guztiek alde bozkatu dute. Amiantoagatik jasotzen diren kalte ordainek «administrazio publikoak ordaintzen dituen bestelako kalte ordainen trataera bera» izan behar dutela defendatu du koalizio moreak.

Nahiz eta alderdi guztiek proposamenaren alde bozkatu, foru araua aldatu behar dute oraindik. Hauteskundeak ate joka daudenez, hurrengo legealdian aldatu beharko dute. Baliteke ordurako foru gobernuaren koloreak aldatzea.

Horrez gain, sinatzaile guztiek Espainiako Gobernuari eskatu diote amiantoaren biktimen konpentsaziorako funtsak ordaindu beharreko indemnizazioak zehazteko araudia onartzeko, Pedro Sanchezen legealdia amaitu aurretik.

Bizkaian, akordiorik ez

Bizkaiko Batzar Nagusietan ere gai bera jorratu dute gaur, baina ez du emaitza bera izan. Elkarrekin Bizkaiak ez-arauzko proposamen bat eraman du Ogasun eta Finantza Batzordera, Bizkaiko Foru Aldundiari araudia aldatzea eskatzeko. Batzar Nagusietan gehiengo absolutua duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurka bozkatu dute, uste dutelako ez dela beharrezkoa zerga salbuespena araudian zehaztea.

Kalte ordain horiek, baina, oraindik ezin dira kobratu, oraindik ez baita onartu amiantoaren biktimen konpentsaziorako funtsaren araudia, Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzaren ministroak adierazitakoaren arabera. Haren esanetan, ekainean egongo da martxan. Joan den urtean onartu zen amiantoaren biktimen konpentsaziorako funtsa sortzea, urriaren 19ko 21/2022 Legean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.