Erretretaren erreforma

Frantziako Senatuak erretretaren adina 64 urtera atzeratzea onartu du

Gauerdia pasatuta onartu du Senatuak erretreten erreformaren zazpigarren artikulua. Aldeko 201 boto izan ditu, eta aurkako 115.

Rene-Paul Savary senataria Olivier Dussopt Lan ministroarekin hizketan, joan den ostegunean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 9a
11:01
Entzun

Frantziako Gobernuak erretreten erreformarekin dituen asmoak hauspotu ditu Senatuak goizeko ordu txikietan, erreformaren zazpigarren artikuluaren alde bozkatu ostean. Errepublikanoak, independenteak, Zentroko Batasuna eta Macron presidentearen alderdia ados jarri dira erretreten adina 64 urtera atzeratzeko. Sozialistak, komunistak eta ekologistak izan dituzte aurka. Hala, aldeko 201 boto izan ditu artikuluak, aurkako 115, eta 29 abstentzio.

Hala ere, aste amaierara arte dute senatariek erreforma bere osotasunean eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Senatua ados jarri bada ere, Macronek oraindik ez du legea aurrera ateratzeko gehiengorik lortu Frantziako Asanblean. Izan ere, erretreten erreformaren aurkakoak kaleak betetzen ari dira, eta alderdiei presio handia egiten ari zaizkie. Iturri ofizialen arabera, astearteko mobilizazioetan 1,3 milioi pertsona inguruk hartu zuten parte, baina CGT sindikatuak 3,5 milioi pertsona zenbatu zituen.

Macronen gobernuko ministroak pozik daude bozketarekin. Olivier Dussopt Lan ministroak adierazi du Senatuak «erantzukizun» botoaren alde egin duela, eta gobernuari jarraitzea erabaki duela. Elisabeth Borne Lehen ministroak, erreformaren bultzatzaile nagusiak, esan du «pozez zoratzen» dagoela bozketarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.