Kartzela

Arartekoak informazioa eskatu du oraintsu Euskal Herriko kartzeletan hildako preso biei buruz

«Kartzelan gertatzen diren heriotza guztiek interpelatzen gaituzte erakunde moduan», adierazi du ohar bidez

Zaballako (Araba) kartzela, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 9a
11:01
Entzun

Ofiziozko ekinbidea abiarazi du Arartekoak otsailaren 28an Zaballako (Araba) kartzelan eta martxoaren 1ean Martutenekoan (Gipuzkoa) hildako preso biei buruz informazio gehiago jasotzeko.

Erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak emandako informazioagatik eta zenbait hedabidek zabaldutakoagatik erabaki du informazio gehiago eskatzea.

Otsailaren 28an, 22 urteko gazte bat aurkitu zuten hilda Zaballako espetxean, bere ziegan. Biharamunean, beste bat topatu zuten Martutenen. 57 urte zeuzkan, eta eremu sanitarioko ziega batean zegoen.

Ikusi gehiago:Zaballan hildako presoaren familia prozeduran aurkeztuko da

Arartekoaren arabera, kasu bietan antzeman daitezke suizidio zantzuak. Erakundeak adierazi du 2019an azpimarratu zuela suizidioaren arazoa, Eusko Legebiltzarrarentzat egiten duen urteko txostenean. «Kartzelan gertatzen diren heriotza guztiek interpelatzen gaituzte erakunde moduan», esan du oharrean.

Arartekoak jakintzat jo du Eusko Jaurlaritza kasu biak ikertzen ari dela eta suizidioa prebenitzeko protokoloak berrikusten ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.