Osakidetzako itxaron zerrenda luzeen auzia hizpide izan zuten azaroaren 16an Eusko Legebiltzarrean, eta orduan, zerrenda horiek murrizteko «optimizazio plan bat» egiteko eskatu zion legebiltzarrak Osakidetzari, EAJren eta PSE-EEren ekimenez. Lau hilabete igarota, plan hori ondu gabe du oraindik Osakidetzak. EAJk eta PSE-EEk gaurko osoko bilkuran jakinarazi dutenez, Osakidetzan lantalde espezifikoak eratu dira arazoari heltzeko, baina plana ez da egin. Plan hori lantzeko eskatu diote atzera Osasun Sailari, eta bertan, besteak beste, ondorengo puntuak jasota egoteko: itxaron zerrenden poltsak espezialitate eta ospitaleen arabera zehazteko; ebakuntza gelen, giza baliabideen eta gaitasun kirurgikoaren eskaintza zehazteko ospitale eta espezialitate bakoitzeko, eta lehen mailako arretako eta osasun antolamenduko proba osagarri eskuragarrien zorroa berrikusteko.
EH Bilduk proposatuta eztabaidatu dute gaiaz osoko bilkuran. Itxaron zerrenden datuak gogora ekarri ditu Rebeka Uberak. Azpimarratu du Osakidetzan gero eta denbora luzeago itxaron beharra dagoela kontsulta bat izateko, proba bat egiteko, espezialistarekin ordua izateko edota ebakuntza bat egiteko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuak oroitu ditu: 2022ko ekainean, adibidez, espezialitateko lehen kontsulta lortzeko itxaroten zeudenen kopurua % 12,33 igo zen; uztailetik abendura, ebakuntza baten zain zeuden herritarren kopurua bikoiztu zen; bihotzeko kirurgiako pazienteen % 34,26k dekretu bidez zehaztutako itxaron epea gainditzen zuten, eta Onkologian 563 paziente zeuden itxarote zerrendetan uztailean, horietako% 12,43 gehienezko epea pasata. Datuok eskuan, galdera luzatu die Uberak Osakidetzari eta Osasun Sailari: «Noiz arte jarraituko duzue zenbaki horien atzean dauden herritarrei bizkarra ematen?».
Itxaron zerrendak egon badirela onartu dute Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek, baina pandemiaren ondorioei egotzi diete. Hala ere, Osakidetza lanean hasi dela azaldu dute: lantaldeak osatu dituela bide hori jorratzen hasteko, eta lantaldea handitzeko pausoak ere hartu dituela. Oposizioko taldeen ustez, baina, arazoa izurriari egoztea «aitzakia» bat da, eta planifikazioa ez ezik, premiazko neurriak ere beharrezkoak dira egoera konpontzeko.
EH Bilduk proposatu du hilabeteko epean Osakidetzako Zuzendaritza elkarlanean jartzea ESIetako zuzendaritzekin eta langileekin, elkarlanean neurriak adosteko. Tartean, ondorengo neurriak aztertzeko proposatu du: arratsaldeko ohiko txanda ezartzea, ESI erakunde sanitario integratu desberdinen artean espezialitate desberdinetako kontsulten, proba osagarrien eta ebakuntza programatuen lanak ESI ezberdinetan burutzea, eta bloke kirurgikoen erabilera eta aprobetxamendua hobetzeko irizpideak ezartzea.
Elkarrekin Podemos-IUren babesa izan du EH Bilduk bilkuran. Jon Hernandez legebiltzarkideak ohartarazi du herritarren «pazientzia» agortzen ari dela, eta premiazkoa dela neurriak hartzea. Gogoratu du pandemiaren aurretik osasun profesionalek ohartarazi zutela osasun sistema hondoratzen ari zela: «Itxaron zerrendak egoera horren isla dira».