Pentsioak
Pentsiodunek «baraualdi-itxialdia» egingo dute datorren astean Bilbon
1.080 euroko gutxieneko pentsioak eskatuko dituzte. Azpimarratu dute pentsioen %77 ez direla 1.000 eurora iristen.

Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak baraualdi-itxialdia egingo du datorren astean Bilbon. Horrekin batera, egunero mobilizatuko dira, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko gutxieneko pentsioak «berehala» 1.080 euroraino osa ditzatela, eta Espainiako Gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezar dezala.
Baraua eta itxialdia astelehenean hasiko dute, Bilboko udaletxearen aurrean astero egiten duten elkarretaratzearen ondoren. Mugimenduak Bilbon duen egoitzan itxiko dira (Fernandez del Campo kalea, 24). Lekua prestatuta egongo da egunero 25 eta 30 pertsonak gaua pasa dezaten.
Horrez gain, hitzaldiak eta mobilizazioak egingo dituzte aste osoan zehar, eta manifestazioa antolatu dute larunbaterako.
Elkarretaratzeak Plaza Eliptikoan egingo dituzte, asteartetik ostiralera, 11:30ean.
Mahai inguruak, asteartetik ostegunera, 18:00etan, itxialdiko lokalean. Landuko dituzten gaien artean, honako hauek: pentsio publikoen etorkizuna eta Espainiako eta Frantziako gobernuen erreformak, genero arrakala, beste herrialde batzuetako pentsiodunen mugimenduak, eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitarioen egoera.p>
Azkenik, larunbatean, manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean azaldu dutenez, Hego Euskal Herriko pentsioak %8,5 igo arren, %69 ez dira hileko 1.000 eurora iristen, eta horietatik %77 emakumeenak dira. Inflazio handiak milaka pentsiodunen egoera okertu duela azpimarratu dute. Horrekin batera, politika publikoen eta bereziki zerbitzu soziosanitarioen okertzea salatu dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.