GERRA UKRAINAN

Errusiaren erasoek bederatzi zibil hil dituzte Ukrainan

Bonbardaketek energia azpiegiturak hondatu dituzte. Errusiak mendeku gisa justifikatu du erasoa.

Emakume bat, gaur Kharkiven, bonbardaketek kaltetutako azpiegitura baten ondoan. EFE
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 9a
13:13
Entzun

Errusiako armadak erasoaldi masibo bat egin du gaur goizaldean Ukrainako hamar eskualderen aurka, eta, iturri ofizialek nabarmendu dutenez, horretan bederatzi zibil hil ditu, gutxienez: bost Lviv eskualdean; hiru Khersonen, eta bat Dnipropetrovsken. «Gau zaila izan da», aitortu du Volodimir Zelenskik, Telegramen idatzitako mezu batean. Energia azpiegiturak izan dituzte helburu Errusiak jaurtitako misilek eta droneek, baina etxebizitza bloke batzuk ere jo dituzte.

Errusiako Defentsa Ministerioak «mendeku» gisa justifikatu du erasoa. Igor Konaxenkov jeneralak, bozeramaileak, egunero argitaratzen duten iragarpenean adierazi duenez, «Kievek joan den martxoaren 2an Briansk eskualdean [Errusia] antolatutako ekintza terroristen erantzun modura» agindu dute erasoaldia. Moskuk orduan zabaldu zuenez, «sabotatzaile ukrainarrek» auto batean zihoazen bi zibil hil zituzten tiroz. Kievek, ordea, ukatu egin zuen.

Ukrainako armadak plazaratutako datuen arabera, Errusiako indarrek 81 misil jaurti dituzte gaur Itsaso Beltzetik, baita zortzi drone ere, eta Mendebaldeko herrialdeek emandako aireko defentsa sistemek 34 eta lau erorarazi dituzte, hurrenez hurren.

Oinarrizko azpiegiturak hondatu dituzte erasoek, eta herrialdeko argindar konpainiak jakinarazi du programatutako mozketak egingo dituztela, «prebentzioz». Zelenskiren esanetan, energia sistema konpontzeko ahaleginean ari dira. Urritik hona ohikoak izan dira bai energia azpiegituren kontra Errusiak egindako erasoak, baita, horrenbestez, argindar mozketak ere.

Dena den, Ukrainako armadaren buruzagitzak adierazi du «etsaia» Donbassen, herrialdearen ekialdean, ari dela egiten ahaleginik handienak. Donetsk eskualdeko Bakhmut hiriko bataila aipatu du, zehazki. Azkeneko hilabeteetan Wagnerreko mertzenarioekin ari da Errusia han erasoa egiten, eta talde paramilitarreko buru Jevgeni Prigozhinek azpimarratu zuen, atzo, jada kontrolpean dutela hiri haren ekialdea. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek ohartarazi zuen atzo, bide batez, Bakhmut «datozen asteetan» gera daitekeela Errusiaren menpe. Ukrainako armadak ez du, ordea, amore emateko asmorik. Oleksandr Sirski lurreko indarren komandanteak ohartarazi du hiriaren defentsa gero eta garrantzitsuagoa dela. «Horrek modua ematen digu erreserbak eta etorkizuneko erasorako operazioak prestatzeko. Gainera, gotorleku hau konkistatzeko borrokan, gaituen dagoen armadaren zatia galtzen ari da etsaia: Wagnerren unitateak».

Leku estrategikoa da Bakhmut Errusiarentzat, behin hura konkistatuta Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango lukeelako erasoaldia, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo litzatekeelako. Stoltenbergek nabarmendu zuen, halere, Ukrainak hiria galtzea ez dela zertan «inflexio puntu bat» izan gerraren garapenean.

Estatu baten laguntza

Zaporizhiako zentral nuklearra, Europako handiena, elektrizitaterik gabe egon da goizaldean gertatutako bonbardaketan ondorioz. Orduan, diesel sorgailuen bidez aritu da funtzionatzen, eta, hamar bat ordu geroago hasi da atzera elektrizitatea erabiltzen. Iazko otsailean inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuten instalazioa Errusiako indarrek. Energoatomek zehaztu du azkeneko urtean sei aldiz «itzali» dutela zentrala, bonbardaketengatik. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu du diesel sorgailuen menpe egon dela instalazioa.

Bestalde, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur esan du, egunero egiten duen prentsa agerraldian, zalantzak dituela Nord Stream gasbidean gertatutako eztandak estatu baten laguntzarik gabe gerta ote litekeen. The New York Times egunkariak eta Alemaniako Die Zeit astekariak herenegun argitaratu zuten «talde ukrainazale batek» lehertu zituela hodiak joan den irail amaieran. Informazio horien arabera, Ukrainako Gobernuak ez zuen zerikusirik izan operazio horrekin, ez Errusiakoak ere. Alemaniako Fiskaltzak jakinarazi zuen, atzo, leherketekin lotuta ontzi bat miatu zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.