Alemania
Zazpi lagun hil dira Hanburgon, tiroketa batean
Jehovaren Lekukoen egoitza batean gertatu da erasoa. Poliziaren arabera, litekeena da hil direnetako bat erasotzailea izatea.

Tiroketa bat gertatu da bart Hanburgon (Alemania), eta zazpi lagun hil dira —horietako bat haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean zegoen— eta zortzi zauritu. Hiriaren iparraldean dagoen Jehovaren Lekukoen egoitza batean gertatu da erasoa; 21:00 aldera hasi ziren tiroak, eta, Polizia azkar iritsi zen arren, ordurako isilduta zeuden. Agenteek tiro bat gutxienez entzun zuten, baina eurek ez zuten tiro egin beharrik izan.
Ikerketa zabalik dago, baina, Poliziaren arabera, baliteke hil direnetako bat erasotzailea izatea. Azaldu duenez, ustezko hiltzaileak 35 urte zituen, eta Jehovaren lekukoa izandakoa zen.
Egoitzan ekitaldi bat egiten ari ziren, baina ez dute azaldu horrek erasoarekin lotura duen ala ez, eta herritarrei galdegin diete zurrumurruak ez zabaltzea. Arratsaldean emango dute prentsaurrekoa xehetasunak azaltzeko.
Lehen orduetan erasotzaileak ihes egin zuela uste zuen Poliziak, eta egoitzaren inguruko kale guztiak itxi ditu; herritarrei euren etxeetatik ez irteteko ere eskatu die. Ordu batzuk geroago, egoera lasaitutakoan, jada arriskurik ez dagoela jakinarazi dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.