Israel - Palestina
Israelek bi palestinar hil ditu tiroz Zisjordanian
Israelgo armadak zabaldu duenez, palestinarrak «lehergailuak» zeramatzan, eta eraso bat egiteko asmoa zuen. Armadak beste operazio bat abiatu du Nilinen, Zisjordanian.

Karnei Shomron kokaguneko etxalde batean gertatu da tiroketa, Zisjordania iparraldean. Israelgo armadak zabaldu duenez, palestinarra etxalde batean sartu zen labanekin eta «inprobisatutako lehergailuekin». Betiere Israelgo iturrien arabera, lehergailuetako batek eztanda egin zuen kalterik eragin gabe, eta orduan erantzun zuen tiroz etxaldearen jabeak.
Bigarren erasoaldia Zijordaniako Qalqiliya hirian jazo da. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, Israelgo indarrek tiroz eraso diote palestinar bati, eta bularrean tiroa jaso ondoren hil da. Tel Avivek ez du gertakari horren inguruko xehetasunik eman oraingoz.
Bestalde, goizaldean operazio bat egin du armadak Nilin herrian, lurralde okupatuetan. Antza, gauean Tel Aviven hiru israeldarri eraso dien gizonezko baten bila ari ziren. 23 urteko gazte palestinar bati egozten diote erasoa. Israelek ez du argitu gaztea atxilotu ote duten, baina aurreratu dute haren etxea bota egingo dutela datozen orduetan. Ohikoa da «terrorismoaz» akusatutako palestinarren etxeak botatzea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.