Xantiana Cachenaut eta Maritxu Paulus Basurko

«Politikoki ez bada konpontzen, luze iraun dezake presoenak»

Elkartasuna eta Laguntzak elkarteak antolaturik, euskal preso eta iheslarien aldeko kontzertua eginen dute gaur, Ezpeletan, zigorren, auzibideen, baldintzapeko askapenen eta kartzelen gastu zama andanari buru egiteko.

jarraia225362.jpg
Iñaki Etxeleku.
2023ko martxoaren 10a
12:34
Entzun

Euskal preso eta iheslarien aldeko kontzertua eginen dute gaur Ezpeletan. Etxerat-en datuen arabera, 147 preso dira espetxeetan, eta hamalau etxean preso. Frantziako Estatuak Lannemezango (Okzitania) presondegian atxikitzen ditu gizonak, eta hamabi dira. Paris ondoko Reau-ko emazte presondegian, berriz, bi euskal preso dira atxikiak. Xantiana Cachenaut (Baiona, 1978) eta Maritxu Paulus Basurko (Baiona, 1972) abokatuek segitzen dituzte kasu franko: euroaginduak, baldintzapeko askapenak, Fijait fitxategia…

Auzibiderik baduzue, oraindik, zintzilik?

Xantiana Cachenaut: Txosten bat gelditzen da instrukzioan, oraindik itxia ez dena: Faisan deitu den auzia da. 2006tik da zintzilik. Bi aldiz galdegina dut artxibatzeko, eta erantzunaren zain nago, oraindik.

Zenbat pertsona dira txosten horretan sartuak?

Cachenaut: Batzuk hil dira geroztik. Bizirik direnetan, lau.

Espainiak igorri euroaginduak ere segitu behar dituzue.

Cachenaut: Euroaginduak baditugu dezente. Gaur egun, gure lanaren erdia dira euroaginduak edo anpliazioak. Euroaginduetan ikusten dugu Espainian afera zaharren ateratzen ari direla. 2018an, Frantziak bere artxiboak eman zizkion Espainiari. Horietan oinarritzen dira euroaginduak eta anpliazioak ateratzeko.

Zenbat euroagindu dira?

Cachenaut: Garikoitz Aspiazu Rubinaren kontra, hasieran, 11 ziren. Batzuk ukatuak izan dira. Prozeduran gelditzen dira oraindik zortzi. Apirilean eginen da epaiketa. Mikel Karreraren kontra bi euroagindu badira. Apirilean epaitzekoak horiek ere. Anpliazioak hamar bat ditugu.

Euroagindua onartua denean, Espainiara eramanak dira?

Cachenaut: Denbora batez Espainiara eramaten dituzte, epaituak izateko. Preso horiek askotan mugimenduan dira: edo Parisera, edo Espainiara.

Frantziak igorri artxiboetarik, zer argudiorekin irekitzen dituzte afera zahar batzuk?

Cachenaut: Frantzian epaituak izan ziren [ETA] erakundean izan zuten arduragatik. Hori erabiltzen dute errateko, Espainian, hainbat ekintzaren arduradun direla. Ez dute elementu materialik ematen, baina erraten dute: «Arduradun zenez, hark agindu ditu ekintza, hau, hori, hura». Ekintza bakoitzeko euroagindu bat bidaltzen dute.

Ibon Fernandez Iradiri onartu zioten, urrian, Martuteneko (Donostia) presondegira joatea.

Maritxu Paulus Basurko: Bai, eta ez da bakarra. Hori lehen ere egiten zen. Ibon Fernandezen kasuan, justuki, Europan badugu errekurtso bat jarria Frantziaren kontra, ez baitu onartu eskatu genuen kondenaren suspentsioa [Fernandez Iradi esklerosi anizkoitzaren gaitz larriak joa da]. Europako auzitegiak onartu zuen errekurtsoa —zaila da lortzea; Europan errekurtsoen %95 ez dira onartuak—, eta pentsatzekoa da ondoko hilabeteetan izanen dela epaiketa.

Frantziako Estatuan diren presoen zigorrak zenbatekoak dira?

Cachenaut: Bizi guziko bi kondena dituen bat; hiru, 30 urteko zigorrarekin, eta beste guztiak, 20 eta 30 urte bitartekoekin.

Azken euskal presoak noiz atera daitezke?

Cachenaut: Bizi guztiko kondena duenarentzat [Mikel Karrera Sarobe], ezin da erran. Gainera, Espainian txosten dezente ditu. Politikoki ez bada konpontzen, luze iraun dezake. Besteentzat ere ezin da jakin, Espainian baitituzte prozedurak haien kontra. Prozedurarik ez dutenentzat, badakigu; hiru dira.

Paulus Basurko: Karreraz aparte, Frantziako Estatuan 2029. eta 2032. urteen artean kondena bukatuko duten azkenak lau preso dira. Ez da bihar bukatuko, beraz. 2029a baino lehen aterako lirateke besteak.

Cachenaut: Zehaztu behar da gaur egun Europako zuzenbidean kontuan hartu behar direla beste estatu batean bete kondenak. Euskal aferetan ez da hola pasatzen. Espainiak ez du betetzen arau hori. Europako legearen urraketa harrigarria da.

Baldintzapean aske direnak zer egoeratan dira?

Paulus Basurko: Bi ditugu baldintzapean aske: Frederik Haranburu Txistor eta, berriki, Mikel Barrios. Gero, bi baditugu probaldian [aztaleko elektronikoarekin]: Jakes Esnal eta Jon Parot. Urrian geratuko dira baldintzapean aske. Behartuak dira lan bat ukaitera, bizilekua justifikatzera, Frantziako lurraldetik ez ateratzera, manifestaldietan ez agertzera, hainbat jenderekin ez elkartzera.

Presoek biktimen kalte ordainak ordaindu behar dituzte.

Paulus Basurko: Gehienek kalte ordain asko dituzte pagatzeko; eta ari dira. Batzuek ez dute kalte ordain hori egiten, baina, dena den, hor da. Egun batez, arazoa beharko da konpondu.

Cachenaut: Zorra bukatu arte hartzen ahalko dizkiete ondasunak.

Paulus Basurko: Eta zor hori, pertsona hiltzen denean, ondokoei helduko zaie, ondoriotasuna onartua bada. Halere, biktimek jadanik jaso dituzte kalte ordainak, Frantziako Estatuak baduelako sistema biktimei pagatzeko.

Ekintzaile islamistentzat pentsatu Fijait fitxategian izateak behartu hertsadurak badira?

Paulus Basurko: Fijaiteko obligazioak izugarri handiak dira: etxea aldatzen duzun oro jakinarazi behar duzu; hilabetero justifikatu non zaren, polizia etxera joanez. Hori, hamar urtez. Frantziako lurraldetik ateratzeko, abisatu behar duzu zehaztuz zenbat denboraz eta nora joanen zaren —hamabost egun lehenago—. Erran nahi du Irunen lan egiten duen batek bizi guzia pasatzen duela abisatzen. Komisarietan ohartu dira ezin zela kudeatu, eta adostutako prozedurak lortu dituzte.

Peio Irigoienen Fijait auzia zertan da?

Paulus Basurko: Europara jo dugu, eta harekin ere pasatu dugu filtroa; onartua izan da. Instrukzioa bukatzen ari da, eta epaiketa epe ertain batean izanen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.