Biktimak

Oroitzapenerako eta Aitorpenerako Koadernoak eman dizkie Jaurlaritzak ETAren biktimei

Erabat argitu ez diren kasuetako 52 biktimaren aitortzak prestatu ditu Gasteizko gobernuak, eta horietako 11ri eskura eman dizkie Gasteizen egindako ekitaldi batean. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak «barkamena» eskatu die, «erakundeak ez zutelako jakin gertu egoten».

Biktimen senideei egindako omenaldiaren amaiera, gaur. DAVID AGUILA / EFE
xabier martin
2023ko martxoaren 10a
12:40
Entzun

Oroitzapenerako eta Aitorpenerako Koadernoen bigarren sorta banatu du Eusko Jaurlaritzak ETAren biktimei seniden artean. Erabat argitu ez diren kasuen arteko 52 biktimarentzako aitortzak prestatu ditu gobernuak, eta horietako 11ren senidei eskura eman dizkie gaur, haien oroitzapen eta aitortzaren ikur gisa; ETAren atentatuen harira bizi izandakoaren testigantzak eman dituzte hiruk, Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldian. «Ezin dizuegu egia judiziala eskaini, baina egiarekin dugun konpromisoaren sinboloa da hau», esan die Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Horrelako beste 87 aitortza koaderno iritsarazi dizkie Jaurlaritzak ETAren biktimen senideei gaur baino lehen, eta goizeko ekitaldian hunkiturik azaldu die Melgosak han izan diren biktimei eta elkarteei, besteak beste AVTri eta Coviteri, «egiak» ez duela «preskribatzen», eta «exijentzia morala» dela egiari ekarpena egin nahi dion «ororentzat». «Egia duen memoria nahi dugu biktimei begietara begiratzeko, eta esateko hilketa horiek bidegabeak izan zirela», erantsi du.

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk sinatutako dosier banaketen ekitaldian euren bizitza eta sentipenei buruz aritu dira hiru biktima. Adeli Becerrak haren anaia Joaquin Becerraren hilketa eta haren ostekoak esplikatu ditu, 1980ko Amurrion (Araba). «Bizitza osoa aldatu zigun. Nire amaren ondoan tirokatu zuten, eta, gero, bidea egin behar duzu berriro, baina dena da desberdina eta gogorra», kontatu du.

«Eskertzekoa da omenaldi hau baina oso berandu iritsi da. Gure ama 1993an hil zen, eta ez zuen jaso horrelako aitortzarik», azaldu du Ruth Dovalek, Juan de Dios Doval aitaren hilketaren nondik norakoak helarazi dituenean. 1980an hil zuten Donostian hura. EHUko irakaslea zen eta UCD alderdiko karguduna.
Jose Ignacio Ustaranek, berriz, esplikatu du «Andaluzian beste bizitza bat» eraikitzeko aukera izan zuela familiak Gasteiz utzi zuenean, izen bereko aitaren aurkako atentatuaren ondoren. 1980an hil zuten hura ere, «hiru kaputxadun etxera sartu eta hiltzera eraman ondoren». «Aita eta ama UCDkoak ziren, eta ama zen kargu garrantzitsuagoa zuena; jakinarazi zien kaputxadunei, baina aita eraman zuten».

«Ez dago azalpenik»

«Ez dago hilketa bat justifikatzen duen arrazoirik gertatu zitzaizuena azaltzeko, ez kausa politikorik, ez bestelakorik. Ez zegoen. Ez dago, eta ez da egongo», esan die biktimen senideei Melgosa sailburuak. Ekitaldia hasieran, bertan egon den senide bati erreparatu dio Melgosak aditzera emateko harekin baduela aspaldiko harremana, eta une batez asko hunkitu da. «Barkatu erakundeak ez zutelako jakin gertu egoten; barkatu, benetan», esan die Goiurin elkartutako guztiei.

Terrorismoaren biktimen Europako Egunaren harira biktimei esan die «hilketa guztiak guztiz bidegabeak» izan direla. «Terrorismoaren biktimen ama, emazte, alaba eta ahizpa guztiek zergatik galdera egin diote beren buruari; negar egin eta min bera sufritu dute. Eta ziur nago guztiek etorkizun bera nahi dutela: indarkeriarik gabeko eta bake etorkizuna».

Ekitaldia bukatu aurretik, banan-banan jaso dituzte oroitzeko dosierrak Gasteizera bildutako 11 biktimen senideek, haien senitarteko hilen argazkiak eta izenak proiektatzen zituzten bitartean. Bi dantzariren agurrarekin amaitu da «ekitaldi xumea, baina bihotzetik egina», Pili Kaltzada hura aurkeztu duen hizlariaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.