Omenaldia

Txikia eta haren belaunaldia omendu ditu Harro Hadi dinamikak

«Gazte ausart haien ereduak gugan dirau. Bizirauteko hautua egin zutelako dago gure herria bizirik», adierazi dute antolatzaileek.

Hainbat zapirekin ikurrin bat osatu dute Itsasondoko pilotalekuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 11
18:53
Entzun

Txikia zuen «guda izena» Eustakio Mendizabalek, eta datorren apirilaren 19an 50 urte beteko dira hil zutenetik. Euskaltzalea, poeta eta ETAko kidea —fronte militarreko burua 1971tik aurrera— izan zen Txikia, eta Algortan (Bizkaia) hil zuen Poliziak, 1973an. Haren jaioterrian, Itsasondon (Gipuzkoa), ekitaldi politikoa egin du Harro Hadi dinamikak, gaur, Txikia eta haren belaunaldia omentzeko. Herriko pilotalekua bete duten pertsonek bat eginda abestu dute Telesforo Monzonek idatzi zuen eta Pantxoa Carrerek eta Peio Ospitalek abestu izan duten Txikia abestia. «Harro hadi, Kantauri itsasoa», abestu dute Itsasondon, eta ondokoa aldarrikatu: «Harro hadi, Euskal Herria».

Txikia eta haren belaunaldia omentzeko, lehenik hainbat dantzarik zapi zuri, gorri eta berdez ikurrin bat osatu dute, musikariek Eusko gudariak jotzen zuten bitartean. Aitor Arrospide Harro Hadi dinamikako kideak hartu du hitza: «Mende erdi pasatxo igaro da gazte belaunaldi bat diktaduraren ilunpean gerrako errautsetatik jaikitzera ausartu zela. Gazte ausart haien ereduak gugan dirau, eta iraungo du geroan. Bizirauteko hautua egin zutelako dago gure herria bizirik».

Hori gogorarazteko, Txikiaren bizitza kontatzen zuen bideo bat erakutsi dute, eta, ondoren, Harro Hadiko kide Haimar Altunak azaldu du Txikiaren hilketarekin «mezu argi bat» helarazi nahi izan ziotela Euskal Herriari: «España: una, grande y libre [Espainia: bat, handia eta askea] egitasmoak aurrera jarraituko zuela, kosta ahala kosta. Ezer egiterik ez genuela, ez genuela gehiago egunsentirik ikusiko. Ilunetan bizitzera kondenatuak geundela». Hala ere, nabarmendu du Txikiaren belaunaldiak «bide bat» irudikatu zuela Euskal Herriarentzat, eta «martxan» jarri zuela. «Baina bide hori errepresioaren, gerra zikinaren eta trantsizio delako erreforma baten bidez mozten saiatu ziren», azaldu du Altunak.

Txikiaren hainbat senide izan dira Itsasondoko pilotalekuan, eta haiek jasandako mina aitortzeaz gain, besarkada bana eman diete «miresmenez eta indar bereziz», baita lore sortak eta oroigarriak ere. Senide batek eskerrak eman dizkie denen izenean.

Borrokaren ondorioa

«Norbaitek pentsa lezake borroka egiteak ez duela merezi, Txikiak eta beste hainbatek egindako ekarpena hutsala izan zela. Ez. Argi eta garbi diogu ezetz. Non geundeke bestela gaur egun? Non geundeke euskal matxinada gertatu izan ez balitz?», galdetu die Altunak ingurukoei. Hark eman du erantzuna: «Azken batean borrokak eman digu gaur egun duguna: hizkuntza, euskal kultura eta nortasuna, sare komunitarioa, lan eskubideak. Ez da nahikoa, noski, baina gauzak alda daitezkela erakusten digu borroka egiteak».
Horregatik, nazio susperraldi berri bati ekiteko deia egin dute Harro Hadi dinamikakoek. «Aurreko belaunaldietatik jasotako borrokak borroka berriekin josiz etorkizuna eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu», esan du Altunak.

«Geroari esaiok olatuetan / herri izarrak ez direla itzaltzen / gure haurrek biharko ikastoletan / heien izenak abestu ditzaten», dio abestiak. Harro Hadiko kide Nerea Martinezek nabarmendu du haurrei haien izenak abesten dituztela. Hala egin dute Txikiaren jaioterrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.