Erretreten erreforma

Frantziako Senatuak erretreten erreformaren testua onartu du

195 senatarik alde bozkatu dute, eta 112k aurka.

Erreformaren aurkako protesta bat, atzo, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
2023ko martxoaren 12a
11:17
Entzun

Hamaika egunez eztabaidatu ostean, eta gauerdirako 25 minutu besterik falta ez zirela, Emmanuel Macronen Gobernuak ezarri nahi duen erretreta sistemaren erreformari onespena eman zion atzo Frantziako Senatuak. Orain, batzorde batean aztertuko dute gaia, testua adosteko, eta legebiltzarreko bi ganberetan bozkatuko dute berriz, martxoaren 16tik aurrera.

Elisabeth Borne lehen ministroak garaipena ospatu zuen sare sozialetan, bozketa egin eta minutu gutxira: «Erabat engaiaturik gaude datozen egunetan [erreforma] behin betiko onartzeko».

195 senatarik alde bozkatu dute, eta 112k aurka. Beste 37 abstenitu egin ziren.

Errepublikanoen laguntzari esker lortu zuen gobernuak erreforma onartzea.

«Soldatapeko guztientzako egun beltz» gisa gogoratuko da, PSF alderdi sozialistako senatari Monique Lubinek bozketaren aurreko eztabaidan esan zuenez.

Orain, Asanblea Nazionalean dago jarrita arreta guztia. Datorren ostegunetik aurrera eta martxoaren 26ra arte zabalduko da erreforma bozkatzeko epea. Lehia estua espero da.

Macronek erretiro adina bi urtez atzeratu nahi du erreformaren bitartez: 62 urtetik 64ra. Manifestazio, greba eta protesta ugari egin dituzte herritarrek azken egunotan erreformaren kontra, sindikatuek deituta. Datorren asteazkenean, beste mobilizazio egun batera deitu dute, batzordean testua aztertuko dutelako.

Ostiraleko protesta egunean, 7.300 lagun bildu ziren Baionako protestan.

Ikusi gehiago:Eliseoak eztabaida blokeatu arren, kaleak gori jarraitzen du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.