Eliseoak eztabaida blokeatu arren, kaleak gori jarraitzen du

7.300 lagun bildu ziren Baionako protestan. Martxoaren 15ean egingo dute hurrengo mobilizazioa. Gobernuak konstituzioaren 44. artikulua baliatu du eztabaida eragozteko

Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioa atzo, Baionan. GUILLEAUME FAUVEAU.
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hamaikagarrenez, erretreten erreformaren aurkakoak kalera atera ziren atzo Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Baionan eguraldia ez zuten alde izan manifestariek, eta aurreko mobilizazioetan baino jende gutxiago elkartu zen. Hala ere, sindikatuen arabera, 7.300 pertsona bildu ziren Lapurdiko hiriburuan. Ostiraleko gertakarien bestondoarekin atera ziren protestara, egun latza izan baitzen aurrekoa. Lehenik eta behin, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sindikatuei gutun bidez erantzun zien bere gobernuak ez duela atzera egingo erreformarekin, eta, beraz, sindikatuekin ez dela bilduko errepikatu zien. Bestalde, Frantziako Senatuan eztabaida «blokeatuta» dagoela argudiatuta, gobernuak legea oso-osorik soilik bozkatzera behartu ditu senatariak, Konstituzioaren 44. artikuluko hirugarren paragrafoa oinarri hartuta.

Sektore estrategikoetako langileek —trenbideetako, portuetako, energia sektoreko eta garbiketako langileak, besteak beste— 11. greba eguna egin zuten atzo, eta protestetara batu ziren. Baionanmobilizazioa lasaitasunez egin bazen ere, Frantziako hiri batzuetan liskarrak egon ziren manifestarien eta Poliziaren artean, Parisen batez ere; 32 pertsona atxilotu zituzten Frantziako hiriburuan. Sindikatuek hurrengo mobilizazioaren eguna iragarri dute jada: martxoaren 15a.

Frantziako Barne Ministerioak 368.000 manifestari zenbatu zituen, eta CGT sindikatuak, berriz, milioi bat baino gehiago izan zirela dio. Baionako mobilizazioan ere antzeman da erakundeen arteko ezberdintasuna: sindikatuek diote 7.300 pertsona mugitu zirela atzo, eta Poliziak, berriz, 3.000.

44. artikuluaren ostikada

Kaleko protestekin batera, Senatuko eztabaida ere aurrera doa. Edizio hau ixterakoan, lege proiektuak dituen hogei artikuluetatik azkena eztabaidatzen ari ziren, eta espero zuten gauerdi inguruan bozkatu ahal izatea. Hasiera batean, gaurko gauerdia zuten gehienez legea eta zuzenketak bozkatzeko, baina asko azkartu da eztabaida, Macronen gobernuak Konstituzioaren 44. artikuluko hirugarren paragrafoa aktibatu baitzuen.

Hala, zuzenketen eztabaidetan parte har dezaketen pertsonen kopurua murriztu dute, eta senatariek ezingo dute zuzenketa gehiago aurkeztu, ezta zuzenketa konkreturik bozkatu ere. Kontrara, lege proiektua oso-osorik bozkatu beharko dute, gobernuaren gustuko diren 70 zuzenketak soilik kontuan izanda. Bestalde, Errepublikanoak alderdiko Bruno Retailleauk erdira murriztu zituen atzo eztabaidatu beharreko zuzenketak, eztabaida are gehiago azkartuz. Oposizioko alderdiek gogor egin zuten ostiralean gobernuak harturiko neurriaren aurka. Sabine Van Heghe senatari sozialista izan zen gogorrena: «Frantsesek jakin behar dute Senatuan gertatu dena estatu kolpe bat dela». Gobernuak ezkerreko alderdiei legearen tramitazioa «metodikoki trabatzea» egotzi zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.