Oroimena

Omenaldia egin diete Polloeko mausoleo frankistan hobiraturiko milizianoei

Identifikaturiko hamazazpi errepublikazaleen izenak dituen plaka bat jarri dute.

Omenaldiaren une bat. JOSEAN RODRIGUEZ RANZ / IREKIA
Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 12a
18:12
Entzun

Ekitaldi publikoa egin dute gaur goizean Donostiako Polloeko hilerrian, han frankistek eraikitako mausoleo batean lurperaturiko miliziano errepublikazaleak omentzeko.

Identifikatu ahal direnen izenak jarri dituzte plaka batean. Hildakoen 30 bat senidek hartu dute parte omenaldian, eta Jaurlaritzako zein Donostiako Udaleko ordezkariek lagundu diete.

Iazko maiatzean plazaraturiko ikerketa batean, Aranzadik ondorioztatu zuen antifaxisten gorpuak zeudela mausoleo frankistan lurperaturiko berrehun bat pertsonaren artean. EH Bilduk proposatu zuen ikerketa egitea, horren susmoa bazegoelako, eta zientzia elkarteak baieztatu zuen gutxienez hamazazpi bazirela, erregistroetan haien izen-abizenak agertzen zirelako.

Jainkoaren eta Espainiarengatik eroritakoen aldeko plaka zegoen panteoian, eta Espainiako militarrak eta guardia zibilak frankistak goratzeko ekitaldiak egin izan dituzte han.

Hori dela eta, panteoiak oroimen historikoaren legea urratzen zuela ondorioztatu zuten agintariek, eta iazko maiatzean kendu zuten plaka. Panteoiari «esangura aldatzeko» prozesuaren lehenengo urratsa izango zela adierazi zuten, eta gaurkoa izan da bigarrena.

Iñigo Arregiren Duintasuna eskulturaren erreplika baten aldamenean jarri dute plaka berria. Pedro Arriola San Pedro, Severiano Asarta Imaz, Narciso de Santos Herrero, Lorenzo Etxarri Isasa, Marcos Galluralde Elejalde, Camilo Ibañez Azkoaga, Manuel Inoriza Sagarminaga, Francisco Irazabal Saez, Alvaro Izurza, Jose Lage Iza, Luis Larrea Lopez de Ipiña, Ambrosio Narbaiza Sarasketa, Pedro Olmedo Paumero, Clemento Queipo, Eusebio Serrano Alvarez, Benito Uranga Balanzategi eta Eloy Zufiaurre Garcia miliziano anarkista, komunista eta sozialisten izenak dauzkaidatzita.

Beste hamalau pertsonaren gorpuzkien inguruan zalantzak daude, ez dagoelako argi norekin borrokatu ziren 1936ko gerran.

«Zorrak kitatzen jarraitzen dugu gure askatasunen eta gure hiriaren alde borrokatu zirenekin», adierazi du ekitaldian Eneko Goia Donostiako alkateak. «Frankismoak gure herrian egindako kaltea gogoratzeko eta konpontzeko espazioak berreskuratzen jarraitzen dugu».

Aranzadiren arabera, 1940. urtean sartu zituzten han milizianoen gorpuzkiak, hainbat hobitatik atera ostean, hilerrian lekua egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.