Biktimak

Isaias Carrasco omendu dute, haren hilketaren 15. urtemugan

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak babesa agertu die senideei, eta «memoria osoa» aldarrikatu du

Isaias Carrasco hil zuten tokian loreak utzi zituzten senideek eta PSE-EEko kideek. JAVIR ETXEZARRETA / EFE
2023ko martxoaren 13a
10:54
Entzun

Isaias Carrasco PSE-EEko militante eta Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotzi ohia hil zuen ETAk duela hamabost urte, eta hura oroitzeko ekitaldi ugari egin dituzte azken egunotan. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak atzo Arrasaten egindako omenaldian parte hartu zuen, eta «memoria osoa» aldarrikatu du, «leiala Euskadin terrorismoarekin gertatu zenarekin, ez ahazteko nazionalista ez izateagatik hiltzen zen garaietan isildu zirenez».

Bestalde, babesa agertu dio familiari. Iragan astean Adei Carrascok, Isaias Carrascoren semeak, Diario Vasco egunkarian esan zuen duela hamabost urte eskolan bullying-a jasan zuela aita hil ostean. «Oso ausarta izan zara gorrotorik gabe hitz egin duzulako. Zure egiak jende asko interpelatzen du. Zure eskola lagunak, gaur egun helduak direnak, eta jakin dezaketenak eman zizuten tratua ez zetorrela bat merezi zenuenarekin. Interpelatzen du bullying-a gutxietsi zuen irakasle bat, interpelatzen du gorroto hori transmititu zuten gurasoak, erakundeak eta hilketak, bahiketak eta bortxa zegoenean beste aldera begiratu zutenak». Anduezaren esanetan, Carrasco hil zuten sozialista zelako, «eta hori ezin da ahaztu».

Sandra Carrasco Isaias Carrasco zenaren alabak ere hartu zuen hitza, urtero legez Arrasateko Navas de Tolosa kalean egindako omenaldian —han hil zuten—. Txarretsi zuen iragan astean Arrasateko Udalean egindako minutu bateko isilunean EH Bilduko zinegotziak ez jaiki izana beren eserlekuetatik, argudiatuz ez zituztela abisatu. EH Bilduren aurka egin zuen omenaldi bakar batera joan zirelako iraganean, Maddalen Iriarte buru zela: «Ez dugu gehiago haien berririk izan. Ez dut uste baztertuak sentitu zirelako izan zenik, ahal genuen guztia egin baikenuen eroso senti zitezen». Sandra Carrascok esan zuen duela hamabost urte ETAk euren bizitza «birrindu» zuela. «Gertaera hark iragan bat eta gero bat markatu zuen guretzat. Hari bizitza kendu zioten, eta guri etorkizun bat familia gisa. Hori nahikoa ez, eta gainera urte zailak iragan behar izan genituen».

Omenaldian alderdi sozialistako ugarik hartu zuten parte: Rafaela Romero familiako lagun eta aldundiko diputatuak, Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak, Iñaki Arriola kontseilariak eta Txarli Prieto legebiltzarreko presidenteordeak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.