Finantzak

Bidenek «beharrezkoa den guztia» agindu du gordailuen ihesa eteteko

Silicon Valley Banken porrotaren ostean, aurreztaile izutuek banku gehiagoren porrota eragitea eragotzi nahi du

SVBko bezeroak beren gordailuak bankutik atera nahian, Massachusetsen. CJ GUNTHER / EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 13a
15:57
Entzun

SVB Silicon Valley Bank bankuaren porrotak 2008ko krisiaren haizeak harrotu ditu, batez ere AEBetan. Haize hori ufada zakar bat besterik ez dadin izan neurriak hartuko dituela agindu du Joe Biden AEBetako presidenteak. Erreserba Federalak SVBren gordailu guzti-guztiak bermatuko dituztela erabaki du, eta ez soilik legez bermatu behar dituenak. Horrela eragotzi nahi dute inbertitzaile izutuek beste bankuetan duten dirua ateratzea eta banku baten arazo partikularra beste finantza erakundeetara hedatzea.

Gainera, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearen mezu historikoa beretzat hartuta, Bidenek agindu du «beharrezkoa den guztia» egingo dutela herritarren eta enpresen aurrezkia bermatzeko. Hori bai, argi utzi du SVBren akziodunak ez dituztela erreskatatuko: «Bankuetan inbertitu zutenak ez ditugu babestuko. Arrisku bat hartu zuten, eta gaizki atera zaienean, beren dirua galdu dute. Hori da kapitalismoa». Bankuko oraingo buruzagiak kaleratu egingo dituzte.

Banku berezia

SVBk ostiralean egin zuen porrot. Inoiz AEBetan erori den banku handienetan bigarrena da SVBrena, ia 200.000 milioi euroren aktiborekin —Kutxabanken halako hiru—. Baina banku berezia da SVB. Kaliforniako teknologia munduko bankua zen, start-up-en eta halakoetan inbertitzen dutenen bankua.

Sektore horretan dirutza sartu da, eta bankua ere gainezka zegoen: 120.000 milioi euroren gordailuak jaso zituen 2020an eta 2021ean. Diru hori guztia mailegatzerik ez zuenez, zati handi bat AEBetako gobernuaren epe luzeko zorran inbertitu zuen. Une horretan ez zirudien inbertsio txarra: diru hori galtzeko arriskurik ez dago, eta haren truke jasotako interesa, txikia izan arren, beste inbertsio gehienetakoa baino handiagoa zen, nahikoa gordailuen jabeei ordaindu beharrekoa estaltzeko.

Baina arazoa sortu zaio inflazio handia borrokatzeko interes tasak asko eta bizkor hazi direnean. Gordailuei ordaindu beharreko interesa %0,24tik %2,33ra handitu zen iaz, baina gobernuaren bonuen errentagarritasuna horren azpitik zegoen. Irtenbidea zen epe luzeko bonuak galerekin saltzea, eta etekin handiagoko baina epe txikiagoko zorra erostea.

Galerak estaltzeko, kapital gehiago bildu behar zuen SVBk, baina planak ez du funtzionatu, gordailuen jabeek ez dutelako pazientziarik izan. Arazoen lehen berriak iritsi zirenean, bezeroak beren dirua bankutik ateratzen hasi ziren —38.000 milioi euro egun bakarrean— eta SVB dena itzultzeko gai izan ez denean, porrot egin du. Gobernuaren asmoa da bankua saltzea; haren Erresuma Batuko adarra libra batean erosi du HSBCk.

Azken urteetan finantza erakundeek zor publiko asko erosi dutenez, pentsa liteke arazoa asko hedatu daitekeela. Baina SVBren bezeroek badute beste ezaugarri bat: gehienak enpresak dira, eta haien gordailuen %97 250.000 dolarreko muga gainditzen dute —horren azpikoak bermatuta daude AEBetan—. Halako aurreztaileak pazientzia gutxikoak izan ohi dira aurreztaile txikiekin alderatuta, eta interes tasa handiagoak eskatzen dituzte tasak handitzen hasi eta berehala. Gainera, bada beste faktore bat: interes tasak apalak izan direnean inbertsio funtsen diru asko jaso dute, baina azkenaldian iturri hori eskasten ari zen.

Eta hurrengoa, zein?

Behin Silicon Valley Bankek porrot egingo duelarik, galdera da beste finantza erakundeekin zer gertatuko den. Dagoeneko erori da banku txikiago bat, Signature Bank izenekoa. Abokatuen bufete handiekin lan egiten duen banku bat da, eta gordailuekin arazoak izan ditu —%89 babesik gabekoak ziren—. Beste banku txiki bat izan daiteke hurrengo biktima: First Republicen akzioak %77 erortzen ari ziren atzo, zuzendaritzak esan arren likidezia baduela ordainketak egiteko.

Banku handiago eta sistemikoagoen izenak ere aipatzen hasi dira, baina oraindik goiz da haietako batzuk kinka txarrean geratuko ote diren ikusteko. Orokorrean, bankuen akzioek jaitsiera handia izan zuten burtsan.

Europako Batasunean, Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak «kutsatze zuzenik» ez dagoela ziurtatu du. «Zeharkako kutsatzeak ote dauden aztertu behar dugu, baina ez dugu arrisku esanguratsurik ikusten». Lasaitasunerako deia egin dute Frantziako eta Espainiako gobernuek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.