Albistea entzun

Erretreten erreforma

Erretreten erreforma azken txanpan sartu da, bozketa izango ote den jakin gabe

Erretretaren erreformaren azken testua asteazkenean prestatuko du batzorde paritarioak, eta ostegunean bozkatuko dute. Frantziako Asanblean gehiengoa bermatzerik ez badu, gobernuak ez du baztertu 49.3 artikulura jotzea

Frantziako bi polizia pasa den larunbatean erreformaren aurka Parisen egin zen manifestazi zaintzen.
Frantziako bi polizia pasa den larunbatean erreformaren aurka Parisen egin zen manifestazi zaintzen. Teresa Suarez / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 13

Azken txanpan sartu da erretretaren erreforma. Baina azken fase horrek prozeduraren hasieratik erantzun bila ari diren galderak berritu ditu: nahiko babes izango du Frantziako gobernuak bere proiektua onartzeko? Lortzen ez badu, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzera ausartuko al da? Kaleko protestak gogortuko dira eta gobernua azken unean makurraraziko dute?

Asteburua mamitsua izan da. Larunbatean, erreformaren aurkako zazpigarren protesta eguna egin zuten sindikatuek. Aurrekoetan baino jende gutxiago atera zen kalera, baina hainbat sektoretan egiten ari diren grebek erakusten dute erreformaren aurkakoek ez dutela amore emango.

Asteazkenerako antolatu dute zortzigarren mobilizazio eguna, data garrantzitsua baita erreformarentzat. Orduan bilduko da Asanbleako eta Senatuko hamalau ordezkari biltzen dituen CMP batzorde misto paritarioa, eta haren lana izango da erreformaren azken testua egitea. Frantziako Parlamentuko bi ganberek proiektu beraren moldaera desberdinak onartzen dituztenean testu bateratua jostea da batzorde horren zeregina, baina kasu honek badu berezitasun bat: Asanbleak legearen hogei artikuluetatik bi baizik ez zituen bozkatu; Senatua, berriz, gai izan zen eztabaida eta bozketa bururaino eramateko, gobernuak eta eskuinak eztabaida laburtu zutelako prozedura bizkor bati esker —konstituzioaren 44.3 artikulua—. Igande goizaldeko lehen minutuetan onartu zuten testua senatariek, aldeko 195 botorekin eta aurkako 112rekin.

CMPn gehiengoa dute erreformaren aldekoek: bosna ordezkari dituzte gobernuaren aldeko taldeek eta eskuineko Errepublikanoek (LR). Testu bateratu bat egiteko arazorik ez lukete izan behar; are gehiago, iturri batzuek diote akordioa jada eginda dagoela. Hala balitz, ostegunean bozkatuko lukete, Senatuan lehenik eta Asanblean bigarrenik.

Azken ganbera horretan dago gakoa, ez baitago inondik inora ere garbi erreformaren aldekoak kontrakoak baino gehiago izango ote diren. Gehiengo macronistari (250 diputatu) boto batzuek ihes egin diezaiokete, baina arazo nagusia LR taldearen barruan dago. 61 diputatu ditu, eta horietatik berrogei ingururen botoa beharko luke erreformak; eta gaur-gaurkoz, kopuru hori ez dago ziurtaturik. Aldeko botoa emango duela iragarri du Eric Ciotti LRko buruak, baina lana egin beharko du aldeko botoak ziurtatzeko edo, gutxienez, alde ez dauden alderdikideek abstentziora jo dezaten.

Erreformaren kontrako botoa emango dute Nupes ezkerreko koalizioko kideek (149), RN Batasun Nazionalekoek (88), eta LIOT taldekoek (Korsikako abertzaleak, Bretainiako erregionalista bat eta zentrista batzuk).

Zentsura mozioa
Bozketaren emaitza garbi ez izateak erreforma aitzinarazteko beste bide bat hartzera bultza dezake gobernua: Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzera. Artikulu horrek aukera ematen dio gobernuari aurrekontuekin lotura duen legegai bat bozketarik gabe onartzeko, betiere trukean zentsura mozio bat jasotzeko prest badago. Legealdi honetan jada hamar aldiz erabili du prozedura hori Elisabeth Borne lehen ministroak, eta kosta ahala kosta eragotzi nahi du oraingoan.

Batetik, oraingoan, kaleko giroa ikusita, gobernua bota dezakeen talde askoren arteko zentsura mozio bat jasotzeko aukerak handiagoak direlako. Eta, bestetik, legitimitatearen afera dagoelako. Iritzi publikoaren legitimitatea galdua du gobernuak, kaleko mobilizazioetan eta inkestetan ikusten denez. Hortaz, geratzen zaion babesa parlamentuarena da, eta bozketa baten bitartez baizik ezin du lortu. Batez ere kontuan hartuta herritarren nahia gehien ordezkatzen duen ganberak, Asanbleak, ez duela botorik eman. Emmanuel Macron presidenteak du azken hitza, eta azkenera arte itxarongo du erabaki bat hartzeko, asteazkenera edo ostegunera arte, talde parlamentarioek beren kontuak egin arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

VW Landabeneko hauteskunde sindikalak, joan den otsailean. ©Jagoba Manterola / FOKU

Hegoaldean lehen indar sindikala da ELA, eta Nafarroan indartzen ari da

Iñaut Matauko Rada

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu.

Barazki eta fruitu denda bat Madrilen. ©JAVIER LIZON / EFE

Inflazioa %3,2ra apaldu da maiatzean Espainian

Irune Lasa

Azpiko inflazioak ere bost hamarren egin ditu behera, %6,1eraino.

Galapago uharteetako dortoka erraldoi bat, 2021ean. ©DANIELA BRIK / EFE

Zorra murriztea, natura zaintzearen truke

Iñaut Matauko Rada

Ekuadorrek zor publikoa 1.100 milioi dolar apaltzea lortu du, Galapago uharteak zaintzearen truke. Halako tratuak egin izan dira, baina klima aldaketak jotako herrialdeentzat aukera izan daiteke etorkizunerako.

Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoa, zorraren mugari buruz negoziatzen. ©Yuri Gripas / Efe

Zorraren mugaren ituna, AEBetako Kongresuko kideen esku

Iker Aranburu

Joe Bidenek eta errepublikanoek asteburuan lortu dute akordioa AEBek bere zorra handitu ahal izateko, eta orain beren alderdikide askoren uzkurtasuna gainditu behar dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...