Ardogintza

Errioxa sor-markak ekoizpena doituko du hurrengo bi urteetan

ABRAk kezka adierazi du, hartutako neurriak ez direlako nahikoa sektorean dagoen desoreka konpontzeko.

Mahastiak Bastidan, iazko abuztuaren erdialdean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko martxoaren 13a
17:12
Entzun

Errioxa sor-markaren Kontseilu Arautzaileak erabaki du ardoaren ekoizpena murriztea hurrengo bi urteetan. Izan ere, litro gehiegi ekoitzi dira azken urteetan, eta, salmentak jaitsi egin direnez, desoreka sortu da sektorean, eskaintza nabarmen handiagoa delako eskaria baino.

Jatorri izendapeneko ordezkariek bilera egin dute goizean, krisiari aurre egiteko plan bat adosteko. Bertan erabaki dute 2023ko eta 2024ko mahats bilketen errendimendua %90era jaistea mahats beltzaren kasuan. 2025era arte ere luza daiteke neurria, helburuak lortzen ez baldin badira. Erabakiak ez dio mahats zuriari eragingo, dena den. Hala ere, %4 handituko da jatorri izendapenik gabe eta kalifikatu gabeko ardoa, mahaiko ardoa esaten zaion hori egiteko erabili ahalko den mahats kopurua.

Horrez gain, adostu dute hurrengo hiru urteetan mahats landaketa gehiago ez egitea. Izan ere, asko handitu da mahastien kopurua azken hamarkadan, eta, gaur egun, inoiz baino hektarea gehiago daude landatuta jatorri izendapen horri dagokionez.

Aurrera begirako neurriak ez ezik, berehala martxan jarri beharrekoak ere onartu dituzte. Izan ere, aurreko urteetako ardoa merkaturatu ezinik dabiltza ardogileak. Bada, jada kalifikatuta eta jatorri izena daramaten botila ale horiek gutxitzea adostu dute. Horretarako, azken bi urteetako ardoa destilatzea proposatu dute, urte bakoitzeko 30 milioi litroraino. Alkohola bereiztean datza destilazioa, gero industriarako edo kosmetikarako osagarri bilakatzeko. Kontseilu Arautzaileak administrazioari eskatu dio diru laguntzak emateko hori egin ahal izateko.

ABRA, kezkatuta
ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak adierazi du kezkatuta dagoela Kontseilu Arautzaileak hartu dituen erabakiekin, eta ohartarazi du ez duela «ezertarako balio» beste aldera begiratzeak, sektorearen egoera larria baita.

Elkarteak ez ditu gaizki ikusten ekoizpena murrizteko eta ardoa destilatzeko hartutako erabakiak. Eskari hori bera egin zuen orain astebete ere, negoziazioak hasi zituztenean. Baina ez dator bat mahaiko ardoa handitzeko erabakiarekin; izan ere, elkartearen ustez, horrek arazoa larriagotu baino ez du egingo, ardoaren balioa jaistea eragingo duelako, eta, aldi berean, mahatsaren prezioa ere bai.

Gainera, hiru urtez mahasti gehiago ez landatzeko proposamena ere ez da nahikoa, ABRAren iritziz; aitzitik, elkarteak eskatu du landaketak epe mugarik gabe gelditzea, eta azken urteetan landatu direnak kentzea, batez ere, «laborantzarako egokiak ez diren eremuetan» landatutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.