Albistea entzun

Migratzaileak

30 migratzaileren heriotza egotzi diote Italiari

Gobernuz kanpoko Alarm Phone erakundearen arabera, Erromak ez zuen erreskate operaziorik abiatu, migratzaileak arriskuan zeudela jakin arren. Erreskatatu ahal izan dituztenak Libiara itzularaziko dituztela salatu dute.

Migratzaile tde bat Italiako Reggio Calabria portura iritsi berritan, artxiboko argazki batean./
Migratzaile tde bat Italiako Reggio Calabria portura iritsi berritan, artxiboko argazki batean./ Marco Costantino/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 13 09:41

Asteburuan 47 pertsona zeramatzan txalupa bat hondoratu eta gutxienez 30 lagun hil dira Libiako kostaldean. Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak jaso zuen laguntza eskatzeko lehen deia larunbat goizaldean, eta Maltako, Italiako eta Libiako kostazainei eman zien gertatzen ari zenaren berri. «Egoera kritikoa zen. Txalupa noraezean zebilen. Itsasoa oso zakar zegoen. Txalupan zegoen jendea oihuka ari zen laguntza eske», azaldu du erakundeak idatzi batean, eta salatu dute Itsasoko Erreskateak Kudeatzeko Italiako Zentroak ez zuela ezer egin «beranduegi» izan zen arte.

Lehen deia egin eta ordubetera, erakundeak eskatu zion Italiari agindu ziezaiola handik gertu zegoen kargaontzi bati migratzaileei laguntzeko. Baina ez zen agindurik heldu, eta itsasontziak bere bidean jarraitu zuen. Sare sozialetara jo zuen erakundeak jarraian, baina han ere ez zuen erantzunik jaso. Bederatzi ordu beranduago, Sea Watch gobernuz kanpoko erakundeak eman zuen bigarren abisua, eta egoeraren larriaz ohartarazi zituen Italiako agintariak.

Orduek aurrera egin ahala, hainbat kargaontzi gerturatu ziren txalupa zegoen ingurura, baina zaintza lanak soilik egin zituzten, ez zutelako migratzaileak erreskatatzeko baimenik. «Beste behin, Italiako agintariek saihestu egin zuten migratzaileak hartzea, modu horretan Libiako kostazain deiturikoek atzeman eta ihes egitera behartu zituen egoera tamalgarrira itzul zitzaten», salatu du Alarm Phone erakundeak. GKEaren arabera, hasieran Libiako agintariek jakinarazi zuten ontzi bat bidaliko zutela migratzaileak erreskatatzera, baina gerora esan zuten ez zutela baliabiderik laguntza bidaltzeko.

Igande goizaldean hitz egin zuten GKEko kideek ontzian zihoazen migratzaileekin, lehen abisua eman eta 24 ordu baino gehiago igaroak zirela: «Akituta zeuden; itxaropena erabat galdua zuten. Oihuak eta negarra entzuten zen telefonoaren beste aldetik». Handik ordubetera berriz deitu zuten txalupara, baina ez zuten erantzunik jaso.

«Italiako uretatik kanpo»

Bestelakoa da Erromak eman duen azalpena. Italiako Gobernuko iturrien arabera, Libiako kostazainen ardura zen erreskatea egitea, ontzia bere uretan zegoelako. Baina hark jakinarazi zuenean ezin izango ziela migratzaileei lagundu, txalupatik gertuen zeuden kargaontziei eskatu zieten migratzaileak hartzeko. Baina itsasontzietako bat gerturatu zenean, irauli egin zen txalupa, eta dozenaka lagun itota hil ziren. Desagertutzat eman dituzte.

Italiak migratzaileekin duen jarrerak kritika ugari jaso ditu joan den otsailean beste ontzi bat hondoratu eta ia 80 migratzaile itota hil zirenetik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.