Politika

Ez dago adostasunik, eta ‘mozal legea’ ez dute aldatuko legegintzaldi honetan

Espainiako Gobernuak bozkatzera eraman du idatzia, Kongresuko Segurtasun Batzordera, baina ez da osoko bilkurara iritsiko, EH Bilduk eta ERCk ezezkoa eman diotelako «erreforma ‘light’» bati. EAJk baiezkora jo du, «orekatua» delakoan.

Iñarritu eta Dantas kongresukideak, gaurko Batzordean, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
xabier martin
2023ko martxoaren 14a
11:18
Entzun

Bost hilabete geroago PPk sarritan baliatzen zuen gehiengo absolutua galduko zuen Espainian Kongresuan, baina 2015eko ekain hartan berriro gehiengoaren alperra pasatu zuen Mariano Rajoyren gobernuak, eta mozal legea onartzeko beta izan zuen. Ezkerreko oposizioak Herritarren Segurtasun Legea baliogabetuko zuela agindu zuen, eta Pedro Sanchezek (PSOE) promes hori berretsi zuen presidente izendatu zutenean egungo legegintzaldiaren hasieran. Ez du hitza beteko.

Urte eta erdian ia 50 bilera egin dituzte PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, ERCk, EH Bilduk eta Juntsek, baina ez dute lortu adostasunik, eta, gaur, Segurtasun Batzordean, lurperatu egin dute mozal legearen erreforma, gehiago izan direlako erreforma proposamenari Espainiako Kongresuko osoko bilkurarako bidea moztu dioten ezezkoak (hemeretzi) baiezkoak baino (hemezortzi). Ezezko horien artean, funtsezkoak izan dira EH Bildurena eta ERCrena.

Koalizio abertzaleak goizetik jakinarazi du mozal legea «guztiz indargabetzeari uko egiten dion proposamenaren aurka» bozkatuko zuela Segurtasun Batzordean, eta horrela egin du eguerdi aldera. «Ez gara izango PPk ezarritako neurri kaltegarrienei eusten dien erreforma light baten konplize», azaldu du Jon Iñarritu legebiltzarkideak. Azpimarratu du Espainiako Gobernuak Batzordera eramandako idatziak ez dituela debekatzen gomazko pilotak. Marra gorrietako bat zen hori.

EAJk bai; EH Bilduk ez

EAJ baiezkoen taldean jarri da, PSOE eta Unidas Podemosekin batera. Mikel Legarda jeltzalea goibel azaldu da batzordean, uste duelako mozal legea aldatzeko trena galdu dela. Legardaren ustez, «aukera alferrik pasatzen» utzi dute ezezkoan daudenek: «Ez da beti gertatzen postariak bi aldiz deitzea, filmean esaten den moduan». EAJko kongresukideak esan du arautegiaren erdia adosturik dagoela, «modu orekatu batean». Legean egindako aldaketek «gizarte moderno baten beharrei eta proportzionaltasun printzipioari» erantzuten diote, haren arabera.

EH Bilduko Mertxe Aizpurua kongresukideak, aldiz, gogor kritikatu du bozkatzera eramandako idatzia. Garbi utzi du mozal lege gisa izendatzera eraman zuten arrazoiak «bere horretan» daudela oraindik proposamenean: «Errespetu faltak nahieran eta justifikatu gabeko desobedientzia». Bi aldagai horiei loturik jarri dituzte zigorren %70 baino gehiago, Aizpuruak esplikatu duenez. «Soilik Poliziak esandakoan oinarriturik erabakitzen dute errespetu falta zer den, eta herritarrak babesik gabe daude Poliziaren iritziaren aurrean».

EH Bilduko eledunak adibideak jarri ditu PPk onartutako legea azaltzeko: «Begirada batengatik, pin bat edo elastiko bat jartzeagatik ezartzen dituzte zigorrak, edota Poliziari azalpenak eskatzeagatik, haien jarrera dela eta. Adibide horiek guztiek indarrean jarraituko zuten batzordean eztabaidatu den proposamena aurrera atera izan balitz ere».

Aizpuruak erantsi du «protesta sozialen, sindikalen eta politikoen aurka egiteko erabiltzen den legeak» bere horretan jarraitzen badu ez dela izan EH Bilduren oniritziarekin; «ez gara horren konplize izan». Hala ere, EH Bilduk onartu du «aurrerakuntza batzuk» badirela erreforman, baina PPren legearen «oinarri errepresiboak» hor jarraitzen duela uste du, lau artikulu «gogorrenak» azaltzen baitira dagoeneko baztertu den erreforman.

Lau eduki adostu gabe

Aizpuruak gogorarazi du alderdi horrek galarazi egin duela gomazko pilotak erabiltzearen debekua ezartzea. «Ez dugu babestuko lege bat ez baditu gomazko pilotak debekatzen, ez badu zuzentzen desobedientziaren delitua, ez baditu objektibatzen agintarienganako errespetu faltak eta ez badu amaiarazten mugan bertan jendea kanporatzeko neurria».

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Esteban, berriz, kexu ibili da azken asteetan Espainiako Gobernuari babesa eman ohi dioten talde batzuen jarrerarekin. «Egungo gehiengoekin eta lortu diren aurrerapausoekin mozal legea aldatzen ez bada, argi geratuko da jarrera batzuen zurruntasuna», ohartarazi zuen duela aste batzuk. Estebanen hitzetan, helburua zen «segurtasunaren eta askatasunaren artean oreka» bat bilatzea, eta uste du baztertu den erreforman bazegoela proportzionaltasun hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.