SVBren porrotak %3,5era jaitsarazi du Euriborra

Egun batetik bestera 0,346 puntu galdu ditu Euriborrak. Baliteke interes tasak igotzen jarraitzeko asmoak apaltzea.

Kutxabanken publizitate kartel bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 14a
16:04
Entzun

SVB Silicon Valley Banken porrotaren lehen eraginak nabaritzen hasi dira Europan ere. Hilabete osoa egunez egun igotzen ari zen Euriborra —tasa aldakorreko hipoteka gehienak kalkulatzeko erabiltzen den indizea—, baina joan den ostegunean SVBren porrotaren lehen hotsak entzuten hasi zirenean, lehen beherakada izan zuen, eta ostiralean %3,953ra jaitsi zen. Ostegunean %4tik oso gertu zegoen, %3,978an, 2008ko azarotik altuena. Atzo hamarren bat jaitsi zen, baina gaur 0,346 puntu galdu ditu kolpe batean.

Hala, ia puntu erdia jaitsi da Euriborra bost egun eskasean; joan den apirilean igotzen hasi zenetik izan duen jaitsiera handiena da. Hala ere, hilabeteko batezbestekoa handia da oraindik ere (+%3,840), otsailean baino 0,306 puntu gehiago.

Beherakada horrek eragina izan dezake interes tasen igoeran. Azken hilabeteetan asko handitu dira EBZ Europako Banku Zentralak ezartzen dituen interes tasak: iazko uztailean %0tik %0,5era igo zituen, eta %3an daude orain. Etzi bilduko da EBZ, Frankfurten (Alemania), eta ziurrenik %3,5era igoko dituzte interes tasak.

Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federala ere datorren astean da biltzekoa, baina Goldman Sachs bankuaren aurreikuspenek diote ez dituztela interes tasak igoko. Izan ere, inflazioa %6,4tik %6ra jaitsi da otsailean, eta horrek, besteak beste, bultzatu lezake interes tasen igoera geratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.