Albistea entzun

Migrazioa

Bruselak nahi du migratzaileak kanporatzeko emandako aginduak betetzea estatu batetik bestera

Europako Batzordeak EBren kanpo mugak kudeatzeko printzipio komunak zehaztu ditu. Barne komisarioak esan du sistemak «askoz hobeto» funtziona dezakeela.

Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteorde eta Europako Bizimodua Babesteko komisarioa, gaurko agerraldian
Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteorde eta Europako Bizimodua Babesteko komisarioa, gaurko agerraldian JULIEN WARNAND Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko martxoak 14 09:16

Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteorde eta Europako Bizimodua Babesteko komisarioak aitortu duenez, EB Europako Batasuna, orain arte, «suhiltzailearena» egiten aritu da migrazioaren aferan, «arkitektoarena» bainoago. Hori eta datorren urtean Europako Parlamenturako bozak egingo dituztela kontuan harturik, Bruselak hilabeteotan aurkeztu, negoziatu eta adostu nahi du EBren kanpo mugak kudeatzeko estrategia. Pixkanaka ari dira lan horretan, eta horren inguruko aurrerapausoak ere banan-banan jakinarazten ari dira; edonola ere, Europako Batzordeak, Europar Kontseiluaren eskariari erantzunez, gomendio sorta bat aurkeztu du gaur, auzi horretarako. Zera sustatzea jarri du helburutzat: migratzaileak kanporatzeko emandako aginduak betetzea estatu kide batetik bestera.

Oraingoz, badirudi Bruselaren lehentasuna iheslariak itzultzea dela, batez ere, EBko estatu kideen arteko koordinazioa hobetuta. Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioak urtarrilean egin zuen ohartarazpen hori, eta gehitu zuen kanporaketen kopurua «txikia» dela eta handitu beharra dagoela. Gaurko agerraldian ere horietan jarri du arreta, Schinas alboan zuela, argudiatuta estatu kideek iazko %21eko tasa «hobetu» behar dutela, eta, beraz, sistemak «askoz hobeto» funtziona dezakeela.

Migratzaileak kanporatzeko emandako aginduen aferan, Bruselak «hutsune bat» ikusten du. Datu zehatzik ez duen arren, Europako Batzordeak uste du agindu hori jasotzen duten migrante batzuk beste estatu kide batera joaten direla EBtik atera beharrean, eta, herrialde horrek aginduaren berri ez duenez, iheslariek ezjakintasun hori baliatzen dutela berriz hasteko asiloa edo babesa eskatzeko prozedura.

Hortaz, Bruselak nahi du EBko estatu kideen arteko komunikazioa hobetu dadila, horrek eragingo duelakoan migratzaileen itzulera tasa handitzea. Berez, bazen kanporatze aginduen berri izateko aukera, baina herrialdeek ez zuten ia erabiltzen; orain, ordea, bestelako egoera bat espero du Europako Batzordeak, joan den asteartean indarrean sartu baitzen Schengen Informazio Sistema. Horrek alerta bat sortuko du kanporaketa bat agintzen den bakoitzean, eta, beraz, gobernuek errazago izango dute migratzaileen egoeraren berri jakitea.

Schinasen ustetan, horrek modua emango du itzulera prozesuak «errazagoak» izan daitezen, eta EBko estatu kideen erabakiak indarrean sar daitezen; Johanssonek, berriz, gehitu du herrialdeek «hobeto aztertu ahalko» dutela «zein den egoera». Asmoa da, koordinazioa eta komunikazioa hobetzeaz gain, Frontex Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziaren parte hartzea are gehiago handitzea.

Hamabost neurri koordinaziorako

Kanporaketa aginduak errespetatzea sustatzeko asmoaren berri emateaz gain, Europako Batzordeko presidenteordeak eta Barne komisarioak jakinarazi dute lehen aldiz Bruselak hainbat urtetarako kudeaketa plan bat egin duela EBren kanpo mugak kudeatzeko. Proposamen horrek bost urteko estrategia bat aurreikusten du, 2027ra artekoa, eta hamabost neurri ekarri ditu hizpidera.

Besteak beste, Europako Batzordeak kanpo mugetako kontrola hobetu nahi du teknologiaren eta agentzien arteko lankidetzaren bitartez; beste estatuekin duten kooperazioa «areagotzea» proposatu du; eta mugen kontrola «oinarrizko eskubideen errespetuaren» araberakoa izatea ere nahi du. Hamabost neurriko proposamen sorta hori erakundeen eta gobernuen iritzia entzun ondoren osatu dute, eta balio behar luke, Johanssonek eta Schinasek esan modura, estatu kideek esparru komun bat izan dezaten migrazioaren afera kudeatzeko EBren kanpo mugetan. Hori lortzeko, baina, ezinbestekoa izango da «talde lana», Europako Batzordeko Barne komisarioak ohartarazi duenez.

Negoziazioen garaia da orain. Printzipioz, asmoa da migrazioaren aferaren inguruan ados jartzea legealdia amaitu aurretik; hau da, gehienez, datorren urteko ekainerako. Horren harira, Maria Malmer Stenergard Suediako Barne ministroak —herrialde horrek du EB Europako Batasuneko Kontseiluaren presidentetza aurtengo lehen seihilekoan— ostegunean esan zuen espero duela gobernuburu eta estatuburuek ekainean hartuko dituztela «erabakiak», asteotan «elkarrizketa eraikitzaileak» izaten ari baitira. Hain justu, hilabete horren amaieran Europar Kontseiluaren goi bilera bat dute, eta baliteke migrazioaren auzian aurrera egitea datorren astekoan ere, nahiz eta bilkura horren behin-behineko agendan ez duten aipatu gaia.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 160.000 lagun iritsi ziren Europara Mediterraneotik, hori baita bide nagusia Afrikako, Ekialde Hurbileko eta Asia hego-mendebaldeko migratzaileentzat. Horiez gain, Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz, gutxi gorabehera beste zortzi milioi pertsona lekualdatu ziren Europan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. ©FERNANDO ALVARADO / EFE

Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Igor Susaeta - Mikel P. Ansa

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»
Gerhard Kraner Austriako Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, atzoko bilkuran, Luxenburgon ©JULIEN WARNAND / EFE

EBko estatu kideek 30.000 asilo eskatzaile banatzea adostu dute

Ander Perez Zala

Barne ministroek migrazio eta asilo legeak erreformatzea lortu dute. Zigorrak gogorragoak dira: ukaturiko iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko dituzte.

Donald Trump, duela hiru asteko argazki batean ©EFE

Trump inputatu dute, Mar-a-Lagoko sekretupeko dokumentuengatik

Igor Susaeta

AEBetako presidente ohiaren defentsaren arabera, zazpi delitu federal egozten dizkiote; besteak beste, justiziari traba egitea, konspirazioa, eta segurtasun nazionalerako dokumentuak atxikitzea

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, Miguel Diaz-Canel Kubakoa eta Antonio Garcia ELNren lehen komandantea, gaur, Habanako agerraldian ©Kolonbiako Presidentetza

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak aldebiko su etena adostu dute

Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor

Menia abuztuaren 3an sartuko da indarrean, eta urte erdi iraun beharko luke. Akordioak gizarte zibilaren parte hartzea jasotzen du negoziaturikoak arrakasta izateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.