Enpresak

Industriari zibersegurtasun zerbitzuak eskainiko dizkie Orbik enpresa eratu berriak

Ikerlan zentro teknologikoak sortu du, eta produktu elektronikoen segurtasuna bermatzen duen ziurtagiria eskainiko die fabrikatzaileei. Bost urte barru bi milioi euro fakturatzea espero du.

Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusia eta Salvador Trujillo Orbikeko zuzendaria, gaur, Arrasten. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko martxoaren 14a
19:40
Entzun

Zibersegurtasunaren arloan beste urrats bat egin nahi du Ikerlan zentro teknologikoak, eta Orbik sortu du horretarako, industriari zibersegurtasun zerbitzuak eskaintzeko enpresa bat. Mondragon taldeko kooperatibak hamar urte baino gehiago daramatza alor horretako proiektuak garatzen, eta jarduera hori osatuko du orain konpainia berriak. Aitzindaria izango da zibererasoen aurkako segurtasuna bermatzen duten ziurtagiriak eskaintzen.

Produktu elektronikoen segurtasuna bermatzea izango du erronka, eta hori da, hain zuzen ere, Orbik bereizgarri egiten duena. Nazioarteko arauekin bat datorren segurtasun ziurtagiri bat eskainiko die fabrikatzaileei. Zigilu horrek ahalbidetuko die edozein produktu merkaturatu aurretik seguruak direla bermatu ahal izatea. Horretarako, proba egiaztatzaileak egingo ditu ebaluazio laborategi batean.

Gaur-gaurkoz hautazkoak dira berme horiek, baina bi urte barru derrigorrezko egingo ditu Bruselak. Une honetan, gutxi dira zerbitzu hori eskaintzen dutenak munduan, eta, beraz, kanpora joan behar dute enpresek homologazio hori lortu ahal izateko. Bada, «gertuko eta konfiantzazko» zerbitzua eskaini nahi du Orbikek euskal enpresei, Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak azaldu duenez.

Gainera, bestelako zerbitzuak ere eskainiko die fabrikatzaileei, hala nola produktuei etengabeko jarraipena egitearena, erasoak izateko dituzten ahultasunak identifikatu ahal izateko. Izan ere, digitalizazioari esker zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera dute makinek eta erremintek, baina gero eta konektatuago dauden heinean, arriskua ere gero eta handiagoa da mehatxuak eta erasoak jasateko. Bada, hutsune bat, «negozio aukera bat» ikusi du hor Ikerlanek.

Hazteko aurreikuspenak
Laborategiaren homologazioa lortzen ari dira orain, eta pare bat hilabete barru espero dute martxan jartzea. Sei langilerekin hasiko dira, baina espero dute bost urte barru hogei izatea. Halere, aurrera begira talentua erakartzea izango da Orbiken beste helburuetako bat. Salvador Trujillo izango da zuzendari nagusia.

Arrasaten (Gipuzkoa) izango du egoitza nagusia, Ikerlanek iazko abian jarritako Digilab teknologia aurreratuen laborategian, baina bi urteko epean nazioarteko merkatura zabaltzea nahi dute. Ordurako jada bi milioi euro inguruko fakturazioa lortzea espero dute. Gaur egun, Ikerlanek lau milioi euro fakturatzen ditu zibersegurtasuneko proiektuen bitartez; erdiak dira enpresekin egindako kontratuenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.