Soziolinguistika

Hezkuntza soziolinguistikorako materialak, eskura

Soziolinguistika Klusterrak, Huhezik eta Ikastolen Elkarteak bultzatuta, bilduma bat osatu dute «sakabanatuta» zeuden edukiekin.

Andoaingo ikastolaren artxiboko irudi bat. ANDONI CANELLADA /FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 15a
11:08
Entzun

Euskararen soziolinguistikaren alorreko denetariko materialak eskura jarri dituzte Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultateak eta Ikastolen Elkarteak, sarean, hezkuntza material gisa erabili ahal izateko. Webgune bat sortu dute horretarako, eta soziolinguistikaren, munduko hizkuntzen, hizkuntza ekologiaren eta euskararen biziberritzearen inguruko teoria eta praktika biltzen ditu. «Proiektu honen jatorrian funtsezko ideia bat dago: bere burua eraldatu nahi badu, hizkuntza gutxituaren komunitateak ezagutza soziolinguistikorako sarrera bermatu behar die bere kideei», azaldu du Soziolinguistika Klusterrak, ohar baten baten bidez.

Izaro Arruti eta Sandra Prieto ikerlariek osatu dute bilduma, eta beren lana jarri dute eskura. Zehazki, haiek egindako master amaierako lana izan da bildumaren oinarria; Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan aritzeko Huhezik eskaintzen duen masterra egin dute biek. Klusterrak nabarmendu du «sakabanatuta» zegoen informazioa bildu dutela.

Soziolinguistika Klusterrak adierazi du ezagutza soziolinguistikoaren hedapena «estrategikoa» dela euskara biziberritzeko: «Bere burua eraldatu eta bere inguruan eragin nahi duen komunitateak hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremana ulertzen lagunduko dioten tresnak behar ditu. Hezkuntza norbanakoak gizarte bizitzarako prestatzeko mekanismoa den heinean, hizkuntza gutxitu baten komunitateko kideok hezkuntza soziolinguistikoa jasotzea funtsezko beharra da».

Arruti bera arduratu da datu basea egokitzeaz, Soziolinguistika Klusterrak egin ditu koordinazio lanak, eta Huhezik eta Ikastolen Elkarteak finantzaketan parte hartu dute, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.