EKIALDE HURBILA

NBErentzat, Siriako gerra «ankerra eta zentzugabea» da

Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, arazo guztiak konponduko dituen irtenbide politiko osorik gabe, «herrialdearen minak bere horretan jarraituko du». Gutxienez 162.390 zibil hil dira 2011n Siriako gerra piztu zenetik, GKEaren arabera.

Osasun langile bat haur bati koleraren aurkako sendagaia ematen, Idliben, Siriako errefuxiatuen kanpaleku batean. YAHYA NEMAH / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 15a
12:04
Entzun

Sirian gerra hasi zenez geroztik hamabi urte bete diren honetan, NBEk Damaskon duen ordezkari berezi Geir Pedersenek dei egin die gudan parte hartzen ari diren alde guztiei bakea lortzeko ahalegin gehiago egiteko. Haren iritziz, «gaur egungo egoeran jarraitzeak ez du zentzurik, eta gizateriaren aurka doa». Hori aski ez, eta otsailaren 6an jazotako lurrikarak are gehiago okertu du Ekialde Hurbileko estatu horretako herritarren bizimodua; 7.250 izan ziren hildakoak. «Seismoek eragindako ondorio katastrofikoei erantzuteko orduan izandako zailtasunek gogorarazi ziguten egungo statu quo-a jasanezina eta defendaezina dela», adierazi du diplomazialari norvegiarrak ohar batean.

Siriako gerra hamahirugarren urteurrenean sartzear dela, NBEk «min handiz» gogoratzen ditu galdutako bizitza kontaezinak, baita milioika zibilek jasandako gehiegikeriak eta sufrimendua ere. «Eta ez bakarrik desplazatuek, baita modu arbitrarioan atxilotuta edo desagertuta jarraitzen duten milaka pertsonek ere», nabarmendu du Pedersenek. Haren esanetan, Siria «suntsituta, zatituta eta pobretuta» dago, «bere subiranotasunaren, independentziaren eta lurralde osotasunaren egoera larrian». Halaber, NBEko ordezkariak ohartarazi duenez, arazo guztiak konponduko dituen irtenbide politiko osorik gabe, «herrialdearen minak bere horretan jarraituko du».

Gerra zibila 2011ko martxoaren 15ean hasi zen, Alepon eta Damaskon, manifestariek demokrazia aldarri zutela, Udaberri Arabiarraren olatuaren barruan. Siriako indarrek bortizki erantzun zieten herritarrei, eta manifestari askoren aurka tiro egin zuten. NBEko eta GKE gobernuz kanpoko zenbait erakundeko iturrien arabera, gutxienez 613.000 pertsona hil eta 2,1 milioi zauritu dira azken hamabi urteetan gerraren ondorioz; hildako guztietatik 162.390 zibilak dira, tartean 25.546 haur. Horrez gain, gudak hamahiru milioi lagun desplazatu ere eragin ditu, eta 6,7 milioi errefuxiatu daude gaur egun.

Diplomaziaren atea irekita

Damaskok zibilen aurka egindako jazarpenaren ondorioz, Ekialde Hurbileko herrialde askok harremanak eten zituzten Siriako estatuburuarekin. Bada, joan den otsailaren hasieran lurrikarek Siria gogor astindu ondoren, zenbait estatu arabiarrek urratsak egin dituzte Damaskorekin adiskidetzeko, agintarien hainbat bisita eta keinu sotilak eginez.

«Lurrikarak bide eman zien Siria boikotatzen ari ziren estatu arabiarrei Al-Assadekin harreman diplomatikora itzultzeko, hilabeteak zeramatzatena», esan dio Oklahomako Unibertsitateko (AEBak) Ekialde Hurbilari Buruzko Ikasketa Zentroko zuzendari Joshua Landisek Efe agentziari. Hondamendiaren ondorioz, herrialde batzuek iragarri zuten salbuespenak egingo zituztela Siriako goi kargudunen aurkako nazioarteko zigorretan; besteak beste, Washingtonek, sei hilabetez, kaltetuei laguntza humanitarioarekin lotutako transakzio guztiak ahalbidetu zizkien.

Nazioarteko begi guztiak Saudi Arabiara begira daude orain; Ekialde Hurbileko potentzia sunitak azken asteetan onartu du Siriarekiko ikuspegia aldatu egin behar duela; mundu arabiarrak oro har babesten duen iritzia, Riaden arabera.

Oklahomako Unibertsitateko adituak interpretatzen du planteamendu berri hori Siriako goi agintarien eta «batez ere Al-Assaden» galbahetik igaroko dela. Dena dela, Damaskok aurrebaldintza gisa ezarritako eskaerei nola erantzungo dien, horren araberakoa izango da hori guztia, haren ustez. Esan duenez, eskaera horiek negoziazio «serioak» ekarriko lituzkete Siriako oposizioarekin, gatazkari irtenbide politikoa emateko —orain arte ez dute fruiturik eman— eta Iranekin —Siriako Gobernuaren aliatu nagusietako bat da— dituen harremanak «murrizteko». Halere, Landis zuhur mintzatu da: «Damaskok aurrera egin ahal izateko, eskari horiek guztiak zalantzagarriak dira».

Hain zuzen ere, Siriarentzat oztopo nagusietako bat zen Teherandik hurbil egotea, zehazki, Ekialde Hurbileko gainerako herrialdeekin eta, bereziki, Saudi Arabiarekin harremanak normalizatzeko, estatu horrek tratua eten baitzuen Iranekin 2016an. Dena den, Riadek eta Teheranek, eskualdeko potentzia sunita eta xiita handienek, akordio bat sinatu zuten iragan ostiralean atzera harreman diplomatikoak ezartzeko. Txinak egin zituen bitartekari lanak. Hitzarmen horrek bidea errazteko aukera emango luke Riad eta Damasko elkarrengana hurbiltzeko.

Ikusi gehiago: Riaden eta Teheranen arteko itunak Txina eragile bihurtu du eskualdean

Bide horretan, Landisen ustez, Persiar golkoko herrialdea «giltzarria» izango da Siria Arabiar Ligara itzultzeko; Damasko erakunde horretatik behin-behinean kanporatu zuten 2011n, gobernuak protestei emandako erantzun bortitzaren ondorioz. Alta, Riadek aurreko astean ziurtatu zuen goiz dela oraindik Siriari oniritzia emateko.

Azken hilabetean, Arabiar Ligako kide diren zenbait herrialdek Al-Assadi diplomaziarako atea irekitzeak kritika gogorrak eragin ditu Siriako oposizioaren eta GKE batzuen artean. «Damaskorekin harremanak normalizatu nahi dituzten estatu arabiarrek aitortu behar dute Siriako Gobernuan egun dauden goi kargudunak dozenaka mila lagunen desagerpenen, hilketen eta giza eskubideen urraketen erantzuleak izan direla», ohartarazi du berriki HRW Human Rights Watchek.

Bien bitartean, Turkiak —Siriako oposizioa babesten du— aurrera jarraitzen du itxurazko normalizazio prozesu batekin, zeina 2022aren amaieran hasi baitzen; Damaskok eta Ankarak lehen gobernu bilera izan zuten Moskun —Al-Assaden aliatu nagusia da—, gerra piztu eta hamarkada batera. Hain zuzen, Errusiako presidente Vladimir Putin eta Al-Assad gaur dira batzartzekoak, Kremlinen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.