Albistea entzun

Enpresak

Haizea Windek 350 enplegu sortuko ditu urtebetez, Iberdrolaren enkargu bat egiteko

Haizea Windek Bilboko portuan duen lantegia handitzeko lehen harria jarri du.

Itsasoko haize errotei eusteko zutabe bakarreko dorreak.
Itsasoko haize errotei eusteko zutabe bakarreko dorreak. Haizea Wind Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 15 15:11

Lana pilatzen ari zaio Haizea Wind enpresari. Duela urtebete, kontratu bat lortu zuen Danimarkako Orsted konpainiarekin, itsasoko haize errotentzat zutabe bakarreko dorreak eraikitzeko. Horrek eraman zuen bigarren lantegi bat eraikitzera, bestearen alboan, Bilboko portuan eta Zierbenako lurretan.

Fabrika berri horren lehen harria gaur jarri dute, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea beste agintari batzuk han zirela. Hor iragarri dute lantegi horrek baduela beste enkargu bat: 50 zutabe edo ziri bakarreko dorre eraikiko ditu Iberdrolarentzat. Dorre horiek itsasoan finkatzen dira, eta haien gainean jartzen dira haize errotak.

Berez, kontratua Iberdrolaren adar britainiarrarekin egin du Haizea Windek, Scottish Powerrekin. Hura itsasoko parke eoliko erraldoi bat ari da jartzen Ingalaterra ekialdeko kostaldean, Ipar itsasoan. East Anglia Three du izena parkeak, eta 1,4 gigawatteko ahalmena izango du, milioi bat etxebizitza hornitzeko adina.

«Kontratua Haizea Wind Group taldearen gaitasun teknologikoen eta ekoizpen gaitasunen saria da», azaldu du Bizkaiko konpainiak. 200 milioi euroko kontratua da, eta hurrengo lau urteetarako Haizea Windek duen 1.500 milioi euro baino gehiagoko eskaeren zorroari gehituko zaio.

Lan karga ez ezik, langileak ere batuko dizkio Haizea Windi: urtebetez 350 langile gehiago beharko ditu kontratu horri erantzuteko.

Lantegi berria Amenabar Gipuzkoako eraikuntza enpresak eraikiko du. Egungo hiru nabeei beste hiru gehituko dizkie, eta biltegiratzeko beste eremu berri bat, garraiatzeko ontziei eman arte zutabe bakarrekoak uzteko. Gaur egun taldeak Bilboko portuan duen plantak, Haizea Bilbaok, 48.800 metro koadro eta 500 langile ditu.

Gero eta handiagoak

Zutabe bakarrekoak edo monopiloteak altzairuzko egitura handiak dira, haize errotak itsas hondoan finkatzeko balio dutenak. Gaur egun, 10-12 megawatteko haize errotentzat, zutabe bakarekoek 8-9 metroko diametroa, 80-90 metroko luzera eta 1.500 tona inguruko pisua dute. Haizea Bilbao neurri horietako piezak egiteko gai den europar fabrikatzaile gutxietako bat da.

Etorkizunean, 20 megawatt arteko haize errotekin, zutabe bakarrekoek 14-15 metroko diametroa, 130 metrorainoko luzera eta 3.500 tonarainoko pisua izango dutela uste da. Bilboko planta berriak neurri egokiak izango ditu aipaturiko horiek ekoizpen seriatuan fabrikatzeko, eta «erreferentziako fabrika» bihurtuko da Europan, konpainiak azaldu duenez

Haizea Wind Group offshore dorre eoliko handien fabrikatzaile nagusia da gaur egun Europan, eta hainbat proiektu garrantzitsu egin ditu, besteak beste: East Anglia One, Dogger Bank eta Hornsea Two (Ingalaterra), Borselle 1&2 eta HKZ (Herbehereak), Seamade (Belgika), Formosa (Taiwan), Sant Nazer eta Sant Brieg (Bretainia) eta Hywind Tampen (Norvegia).

Haizea Wind Group

Haizea Wind Group 2017an eratu zen, WEC Taldea eta Tecnoaranda batu zirenean. 2018an bi fabrika ireki zituen: Haizea Sica (Santa Fe, Argentina) eta Haizea Bilbao (Zierbena). 2022an, Haizea Wind Groupek Haizea Breizh planta ireki zuen, Bretainian. Han, Bizkaian bezala, itsasoko dorre eolikoak egiten ditu.

Gaur egun, hiru negozio unitate ditu Haizea Wind Group taldeak: dorre eolikoak, offshore zimendu oinarriak, eta fundizio eolikorako pieza handiak.

Taldeak 1.200 pertsona ingururi ematen dio lana gaur egun, eta 2022ko fakturazioa 250 milioi euro baino gehiagokoa izan da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

VW Landabeneko hauteskunde sindikalak, joan den otsailean. ©Jagoba Manterola / FOKU

Hegoaldean lehen indar sindikala da ELA, eta Nafarroan indartzen ari da

Iñaut Matauko Rada

Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu.

Barazki eta fruitu denda bat Madrilen. ©JAVIER LIZON / EFE

Inflazioa %3,2ra apaldu da maiatzean Espainian

Irune Lasa

Azpiko inflazioak ere bost hamarren egin ditu behera, %6,1eraino.

Galapago uharteetako dortoka erraldoi bat, 2021ean. ©DANIELA BRIK / EFE

Zorra murriztea, natura zaintzearen truke

Iñaut Matauko Rada

Ekuadorrek zor publikoa 1.100 milioi dolar apaltzea lortu du, Galapago uharteak zaintzearen truke. Halako tratuak egin izan dira, baina klima aldaketak jotako herrialdeentzat aukera izan daiteke etorkizunerako.

Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoa, zorraren mugari buruz negoziatzen. ©Yuri Gripas / Efe

Zorraren mugaren ituna, AEBetako Kongresuko kideen esku

Iker Aranburu

Joe Bidenek eta errepublikanoek asteburuan lortu dute akordioa AEBek bere zorra handitu ahal izateko, eta orain beren alderdikide askoren uzkurtasuna gainditu behar dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.