Albistea entzun

Pobrezia «larriagotu» egin dela ohartarazi du Paris 365 jangela solidarioak

«Pandemiaz geroztik are zailagoa da pobreziatik ateratzea», azaldu du Mikel Urabainek, eta neurriak hartzeko deia egin die administrazio publikoei.

Paris 365 jangela solidarioko ordezkariak.
Paris 365 jangela solidarioko ordezkariak. Iñigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko martxoak 15 12:56

Iruñeko Paris 365 jangela solidarioan egoera «bitxi bat» izan da 2020tik hona. «Gero eta menu gehiago» zerbitzatzen dituzte, eta jende gutxiago artatu. «Ondorioa argia da: erabiltzaileek denbora gehiagoz behar dute gure laguntza», azaldu du Mikel Urabaien Paris 365eko ordezkariak.

Goizean egindako prentsaurrekoan, datuen bidez deskribatu dute euren jangelan egunero ikusten duten errealitatea, baina argi utzi nahi izan dute datuen atzean hezur-haragizko pertsonak daudela. Hala, iaz 48.142 menu zerbitzatu zituzten —menu batek gosaria, bazkaria eta afaria biltzen ditu—, 2020an baino %45 gehiago. Alta, epe berean erabiltzaile kopurua %35 apaldu da: 1.200 lagun izatetik 776 izatera pasatu ziren iaz.

Paris 365 jangelako arduradunen arabera, horrek esan nahi du pobrezia «larriagotu» egin dela, jantokiko erabiltzaileentzat eta biltegiko familientzat «are zailagoa» delako egoera horretatik ateratzea. «Geroz eta gutxiago aldatzen direnez, kasu bakoitzari egin behar zaion jarraipena luzerako da».

Ondorioz, haien itxaron zerrenda handituz doa, edo gero eta pertsona gehiagori esan behar diete ezin dituztela artatu bolada batez. Mirian Garciak onartu du euren ahulgune bat dela hori. «Esku hartzeko orduan eta etikoki, barne gatazka eragiten digu jendeari esateak ezin dugula artatu. Ez dugu itxaropen faltsurik eman nahi, eta ez gaude egun batzuk barru jangelan tokia egingo dela esateko moduan». Egunero 65-70 pertsonari ematen diete jatera, eta ez dute espazio fisikorik eta otordu gehiago prestatzeko ahalmen gehiagorik. Astean 20-30 laguni ematen diete ezezkoa. «Errealitate bat da, eta guztion erantzukizuna da hori, zerbitzu publikoena eta pribatuena».

Krisiaren eragina

Krisi ekonomikoaren eragina ere nabaritu dute Paris 365 jangela solidarioan. Alde batetik, hiru urteotan dohaintzak gutxitu egin dira; batik bat, jeneroan egiten diren dohaintzak, %45 gutxitu baitira. Ondorioz, elikagai gehiago erosi behar izan dituzte, eta herritar ororen moduan, bizimoduaren garestitzea nabaritu dute. Erosketak oro har %56 garestitu dira hiru urteotan.

Horren guztiaren aurrean, Mirian Garciak ohartarazi dio administrazio publikoari Iruñerrian jende askok behar handia duela, kalteberago baitira inflazioaren aurrean. «Uneotan ditugun baliabideak ez dira nahikoa eskariari erantzuteko. Ez da aski esatearekin oinarrizko beharrak artatzeko deialdiak egongo direla». Adibide gisa hartu du deialdi horietako kopurua ez dela handitu eta kostuen igoera ez dela KPIaren arabera eguneratu. «Ez bada aurrekontua handitzen, entitate gehiago aurkez gaitezke deialdi horretara, baina banatu beharreko opila berbera da».

Garciak gogoratu du egunero hiru otorduak eta lo egiteko toki bat bermatzerik ez badago nekez atera daitekeela inor egoera horretatik. Haren ustez, gizarte politikak egiterakoan lehentasunezkoa izan behar du errealitate horri erantzuteak.

Webgune berria

Bere lanaren berri emateko webgunea berritu du Paris-365 jangela solidarioak. Ko Estudios arduratu da diseinuaz. Eduki guztia ele bitan dago. Albisteekin batera, dohaintzak egiteko eta nahieran eta libreki kuotak ordaintzeko moduak azaltzen dira.

Gainera, jakinarazi dute jangelaz arduratzen den Gizakia Herritar fundazioaren patronatua berritu egin dela. Maite del Campori lekukoa hartu dio Josean Villanueva presidenteak. Hark lehendakariordetzan utzitako hutsunea Maribel Turiasek hartu du. Sagrario Soto izendatu dute, halaber, patronatuko ordezkari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haur batzuk, artxiboko irudi batean ©jon urbe / foku

Seme-alabak eta bizikideak zaintzeko baimen gehiago emango dituen legea onartu du Madrilek

Irati Urdalleta Lete

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Familien Legea. 8 urte baino gutxiago dituzten haurren gurasoek zortzi asteko ordaindu gabeko baimena izango dute.

Manuel Lezertua EAEko Arartekoa, gaur, Eusko Legebiltzarrean ©Endika Portillo/ Foku

Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020. urtearekin alderatuta

Edurne Begiristain

EAEko Ararteko Manuel Lezertuak 2022ko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Salatu du zenbait erakundek ez dietela erantzuten arartekoaren informazio eskaerei.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko ordezkariak, gaur, Iruñean. ©JESUS DIGES / EFE

AHTaren Iruñerriko zatia eraikitzeak 500 milioi euro inguruko kostua izango du

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Txibitek esan du Etxebakoitzen eraikiko dutela Iruñeko tren geltoki berria. Castejon eta Zaragoza arteko zatiak 1.500 milioi euroko kostua izango du.

Aranzadiren aurreskua Sevillako hezurtegian

Aurreskua eta kopla flamenko bat Sevillan, errepresaliatuen Espainiako hezurtegirik handienean

Jon Ordoñez Garmendia

1936ko gerran faxistek hil zituzten 1.786 pertsonaren gorpuzkiak atera ditu Aranzadik hobi komun batetik. Atzo hezurtegi batean sartzen hasi ziren, eta, ekitaldian, Manuel Gerena flamenko kantariak abestu ondoren, Anartz Ormaza Aranzadiko arkitektoak agurra dantzatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.