Alderdiak

Aznal: «Nafarroak aurrera egin dezan, EH Bildu erabakigarria da»

Nafarroako EH Bilduko hautagaiak «autokritika eta anbizio falta» aurpegiratu dizkio Maria Txibiteri, lehendakariak legealdiari buruz egin duen balorazioaren harira. 

Laura Aznal EH Bilduko zerrendaburua, parlamentuan. VILLAR LOPEZ / EFE
2023ko martxoaren 15a
13:26
Entzun

Legealdi amaitzear den honetan, argi dago lau urteok bereziak izan direla izurriaren eta Ukrainako gerraren ondorioz. Astelehenean Maria Txibitek azpimarratu zuen gizartearen onura izan dutela helburu ezohiko egoera horiei erantzuteko orduan. EH Bilduko Laura Aznalen arabera, gobernuak ez dio behar adinako garrantzia eman nahi izan parlamentuari. «Interes politiko bati erantzunez, alde batera utzi nahi izan dute parlamentua, zeinak askotan egoeratik ateratzeko erantzunak eman dituen». Uste du «gehiegitan» egon direla Madrilgo gobernuaren esanetara.

EH Bilduko zerrendaburuak agerraldia egin du Iruñeko egoitzan. Haren hitzetan, «autokritika eta anbizio falta» erakutsi zituen Txibitek astelehenean, eta autogobernuarekin gertatutakoa jarri zuen adibide gisa. Legealdi honetan, hiru eskumen eskualdatzea hitzartu da, eta, Aznalen arabera, EH Bildu «erabakigarria» izan da trafikoarena eskualdatzeko. Gainera, iaz 40 urte bete ziren Foru Hobekuntza onartu zenetik, eta gobernuari egotzi dio ez duela bultzatu nahi izan haren inguruko eztabaida politiko eta soziala. «Goiz edo berandu, heldu egin beharko zaio gai horri».

Ikusi gehiago:Azken txanpan, helmugari so

Autokritika falta ere ikusi du Txibiteren diskurtsoan. Deigarria egin zaio hark esatea «osasungintzaren legealdia» izan dela eta etorkizuneko lehen arretaren oinarriak jarri dituztela. «Gobernua inprobisatuz joan da, suak itzaliz. Lehen arretak okerrera egin du, eta itxaron zerrendak gainezka daude». Halaber, AHTaren moduko proiektu bat aurrerakoitzat jo izana kritikatu du, eta salatu ez dela gai izan euskara babesteko.

EH Bildu, erabakigarri

Aznalek gogorarazi du EH Bilduk bide eman diela Nafarroako Gobernuaren inbestidurari eta onartutako lau aurrekontuei, besteak beste. «Akordioek aurrera egiteko balio izan dute».

Txibitek aipatu zuenez gobernua «ezker-eskuin» negoziatzeko gai izan dela, Aznalek azaldu du aurrera egin den bakoitzean EH Bildu «erabakigarria» izan dela, eta, alderantziz, PSNk hitzarmenak Navarra Sumarekin egin dituenean atzera egin dela. «Nafarroak aurrera egiteko akordioak ezkerretik etorriko dira». Haren ustez, badago eskuinaren politikei aurre egiteko alternatiba, eta alternatiba horretan EH Bildu beharrezkoa da. Are erabakigarriagoa izango da aurrerantzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.