Albistea entzun

Azken txanpan, helmugari so

Gobernuko kontseilariez eta zuzendariez inguraturik, legealdi amaierako irakurketa egin du Txibitek. EH Bildurekin hitzartutako lau aurrekontuak «gizartearen onurarako» izan direla goraipatu du
Maria Txibite eta hari begira Nafarroako Gobernuko hainbat kontseilari, egoitza nagusian, atzo.
Maria Txibite eta hari begira Nafarroako Gobernuko hainbat kontseilari, egoitza nagusian, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2023ko martxoak 14 - Iruñea

Maiatzaren 28ko foru hauteskundeen gertutasuna jada nabari da. Iristen ari zaie Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru indarrei eta oposizioko beste taldeei herritarren azterketa pasatzeko garaia. Azken txanpan sarturik, Maria Txibite lehendakariak legealdiko irakurketa egin zuen atzo Nafarroako Jauregian, alboan gobernuko hamabi kontseilariak eta zuzendari nagusiak zituela. Txibitek gogoratu zuen aurreko gobernuei egokitu ez zaizkien ezohiko bi gertakari larriren ondorioak kudeatu behar izan dituztela, eta COVID-19ra eta Ukrainako gerrara «azkar» egokitzeko gai izan direla. Halaber, «alor publikoaren indarra eta garrantzia» goraipatu zituen: «Ez dugu alor publikoa inoiz behar izan azken lau urteotan bezainbeste, eta inoiz ez da izan hain erabakigarria gizartearentzat».

Gobernuaren argazki bateratu horren bidez, elkartasuna eta talde lana islatu nahi izan zuten hura osatzen duten hiru indarrek: PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k. Ez da erraza izan, Nafarroako Parlamentuan 50 eserlekutik 21 baino ez baitzituzten, eta Ezkerrako biak gehituta ez baitzen aski. Txibiteren arabera, gutxiengoan egon behar izateak «elkarrizketa eta akordioak» bilatzera bultzatu ditu. Haren hitzetan, gobernuak proposatutako lege proiektuen %72 kontrako botorik gabe onartu dira, eta %35, zehazki, aho batez atera dira aurrera.

Bide orria, bete gabe

Legealdi hasierako akordio programatikoaren %88 bete dela ere azpimarratu zuen Txibitek. Aitortu zuen, baina, 2019ko udan legealdirako bide orri hura diseinatu zutenean, ez zutela espero handik zortzi hilabetera, pandemia bat tarteko, alarma egoera ezarriko zenik. Bete gabe geratu den zatia ezohiko bi gertaeren ondorioa izan zela zehaztu zuen. «Horixe da gobernu honi geratu zaion zorra». Autokritika itxurako aipamen bakarra izan zen.

Onartutako lege proiektuen artean, EH Bildurekin hitzartutako lau aurrekontuak daude. Koalizio abertzalea «solaskide nagusi» izan denez, Txibiteri galdetu zioten ea PSN prest ote legokeen datorren legealdian EH Bildu gobernu barruan sartzeko. Izkin egin zion galderari: «Akordioaren eta elkarrizketaren legealdia izan da. Ezker-eskuin, indar guztiekin hitzartzeko gai izan da gobernua. EH Bildurekin hitzartu diren aurrekontu akordioak herritar guztien onurarako izan direlakoan nago, zerbitzu publikoak sendotzeko balio izan baitute».

Txibiteren hitzetan, legealdi honetan «eraldaketa handien oinarriak jarri dira». Azpiegitura handietan jarri zuen azpimarra. Nafarroako Ubidearen lehen fasearen zabaltzea amaituta, hurrengoan «ura Erriberara» helduko dela promes egin zuen. Ondorengo lau urteetan abiadura handiko trena «martxan» egongo dela ziurtatu zuen. N-121 errepidearen harira, berriz, 2+1 motako bideak eta Belateko eta Almandozko tunelen bikoiztea amaituko direla agindu zuen.

Pozik azaldu zen VWek 1.000 milioi euro inbertituko dituelako, eta «Nafarroan inoiz egin den inbertsiorik handienari» beste sektoreetan bultzatuko diren proiektuak gehitu zizkion: «Sektore guztietatik heltzen dira inbertsioak, eta baieztatzen dute Nafarroa lurralde erakargarria dela, bai erakundeek emandako konfiantzaren ondorioz, eta bai elikatzeko gai garen talentuaren eraginez».

Autogobernuaren arloan, azpimarratu zuen hogei urteren ondoren lehen aldiz beste hiru eskumen bere gain hartzeko moduan egongo dela Nafarroa. Funtzio publikoan, behin-behinekotasunari aurre egiteko 3.000 postu finko atera dituela azpimarratu zuen. Pandemia tartean izanik, «osasunaren legealdia» izan da Txibiterentzat. Haren esanetan, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak «azken mende laurdeneko berrikuntza teknologiko handiena» izan du. Ez zituen aipatu asteetako lanuzteak eta protestak.

Esparza, oso kritiko

Azken txanpan murgilduta daude gainerako taldeak ere. Javier Esparza UPNko presidentearen ustez, lau urteotan «Nafarroak galdu egin du, eta EH Bilduk irabazi». Gobernuaren eta koalizio abertzalearen arteko harreman politiko horrekin ados ez daudenen ordezkari bihurtu nahi du Esparzak: «UPN arduratuko da bozetan EH Bilduk agintzen jarrai ez dezan. UPN da gobernu honen alternatiba, eta EH Bilduk etorkizunean erabakitzen jarraitzea nahi ez dutenen babesa jasoko du».

Geroa Baiko Maria Solanaren ustez, «guztiz ezohiko legealdia» izan da, eta, ondorioz, «txarrena eta onena» elkarri loturik egon dira. «Espero ez genituen baldintza horien aurrean, gobernuak jakin du behar bezala jokatzen, erantzuten eta zentzuzko neurriak hartzen».

EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, «urte luzez Nafarroan eskuinak egindako politiken aurrean alternatiba bat dago, eta, bide horretan sakontzeko, EH Bildu erabakigarria da». Haren ustez, gobernua «motz» geratu denean, EH Bilduk bultzatu du «aurrerantz». Euskararen arloan, «ausardia falta» egotzi dio PSNri, eskuinak zer egingo begira egon delako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pasaiako sarraskiko biktimen familien elkarretaratzea, gaur, Donostian. ©Xabier Martin

Polizia hiltzaileak identifikatzeko saioak ez du emaitzarik izan

Xabier Martin

Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egin dute Donostiako epaitegietan, baina lekuko bakarrak, Joseba Merinok, ezin izan du «ehuneko ehun» inor identifikatu. Komando Autonomoetako lau kideen hilketekin lotuta egon daitezkeen hiru polizia egon dira saioetan, eta saio gehiago egongo dira azaldu ez diren beste bi identifikatzeko.

Cristina Ibarrola UPNren Iruñeko Udalerako hautagaia, artxiboko irudi batean. ©Lander Fdz. Arroiabe / foku

UPNk eta EH Bilduk izango dute boto gehien Iruñean, EITB Focusen arabera

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Gasteizen, Bilbon eta Donostian EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eta hiruretan EH Bildu litzateke bigarren indarra, inkestaren emaitzak beteko balira.

Etxerat-ek antolatutako mobilizazioa, Donostian. ©Jon Urbe / Foku
Mikel Mundiñano eta Nahikari Iturbe. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Etxeratzea eskatzen ari gara, inolako pribilegiorik gabe»

Xabier Martin

Sare Herritarreko Gipuzkoa eta Nafarroako arduradunek ohartarazi dutenez, aurrerantzean «ahalegin handia» egin beharko du elkarteak ikusarazteko «presoen eskubideen urraketa ez dela amaitu». Azpimarratu dute «pribilegiorik eta inpunitaterik» eskatu gabe ari direla euskal presoak etxeratzeko eskatzen, «legeak jasotzen duenaren arabera».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...