Gizarte zerbitzuak

Bizkaiko zahar etxeetan hamar eguneko greba hasi dute

Sektorean kontratu gehienak «partzialak» direla salatu dute, eta soldata apalak dituztela horregatik beharginek

2023ko martxoaren 15a
17:33
Entzun

Gaurtik martxoaren 24ra, greba egunak dituzte Bizkaiko zahar etxeetan. Sektoreko gabezia nagusiak erakutsi nahi dituzte, egunez egun. ELA sindikatuak ohar baten bidez salatu du batez beste kontratu gehienak «partzialak» direla adinekoen egoitzetan; lanaldi osoaren %45 eta %70 egiteko lan kontratuak dira, eta horrek ondorio txarrak ditu: «Soldata txikiak, langile gutxiago, eta lan karga handiagoa».

Kontratu horien ondorioz, arta ona emateko zailtasunak ere izaten dituzte askotan beharginek, eta eguneroko zailtasunak kontatu dituzte jendearen aurrean, Bilbon gaur grebaren hasieraren harira egin duten mobilizazioan. Manifestazio bat egin dute: Guggenheim museoaren paretik atera, eta Bizkaiko Diputazioaren Kale Nagusiko egoitzaraino joan dira.

Langileek esan zuten «zaharkitutako» zaintza eredu bat dagoela arazoaren muinean, eta ezinbestekoa dela aldundiak eta patronalak jarrera aldatzea auzia bideratze aldera. Gaur Ezkerraldeko adinekoen egoitzetara eramango dute protesta.

Greba hauek amaitzean, orotara 39 greba egun eginak izango dituzte Bizkaiko zahar etxeetako beharginek. Lan itunaren gaineko aldarrikapen ugari dituzte, baina aurrerabiderik ez dute lortu orain arte; 2021eko urritik, elkartzeko dago negoziazio mahaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.