Pentsioak

Gutxieneko pentsioak igotzea adostu dute Escrivak eta sindikatuek

Sindikatuekin adostutako azken testua bihar dira onartzekoak, dekretu bidez. Erreserba Funtsetik diru gehiago atera ahal izango dute aurrerantzean.

Unai Sordo, Jose Luis Escriva eta Pepe Alvarez, Madrilen. JAVIER LIZON / EFE
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 15a
18:12
Entzun

Espainiako Gobernuaren eta UGT eta CCOO sindikatuen arteko negoziazioak hiru neurri berrirekin amaitu dira. Besteak beste, gutxieneko pentsioak handituko dituzte progresiboki, baita kotizazio gabeko pentsioak ere. Ezkontide bat kargura dutenen gutxieneko pentsioa pobreziaren atariaren mailara iritsiko da 2027rako —2023an, 14.302 euro garbi urtean—. Horrez gain, errenta handienei kotizazioa handituko diete, eta Erreserben Funtsetik urtero diru gehiago atera ahal izatea ere adostu dute, baby boom belaunaldiaren pentsioak ordaindu ahal izateko.

Elkarri eskua emanda iragarri dute akordioa Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak eta Pepe Alvarez UGTko eta Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiek ministerioaren egoitzan, Madrilen. Gutxieneko pentsioak progresiboki hasiko dira igotzen, eta 2027an iritsiko dira helburu duten kopuruetara. Ezkontide bat kargura duten 65 urtetik gorakoen gutxieneko pentsioak bi helduz osatutako etxe baten pobreziaren ataria gainditu beharko du urte horretarako. Gaur egun, pentsio hori urtean 13.527 euro garbi dira —966 euroko hamalau ordainsari—, eta bi helduz osatutako etxe baten pobrezia ataria, berriz, 14.302 euro garbi dira —1.020 euroko 14 ordainsari—. Ezkontiderik kargura ez dutenen gutxieneko pentsioak ere handituko dituzte —gaur egun 10.963 euro garbi dira urtean—.

Ikusi gehiago:Espainiako pentsioen erreforma, puntuz puntu

Kotizaziorik gabeko pentsioak ere igoko dituzte 2027rako, eta heldu batez osatutako etxe baten pobrezia atariaren %75era iritsiko dira urte horretan, KPIra moldatuta. Gaur egun, pobrezia atari hori urtean 7.151 euro garbi dira.
Errenta altuei kotizazioak igoko dizkiete, elkartasunezko kotizazio gehigarria izena izango duena. 54.000 euro baino gehiago irabazten dutenei ordainaraziko zaie, kopuru horretatik aurrera aplikatuko dena. Soldatapeko langileek bakarrik ordainduko dute, ez autonomoek. Progresiboki joango dira aplikatzen kotizazio berri hori; 2025ean %1 izango da, eta 2045ean %6ra iritsiko da, urtero %0,25 gehituta. %5 enpresak ordainduko du, eta %1 langileak. Horrez gain, momentuko gobernuak 54.000 euroko langa aldatzeko aukera izatea ezabatu dute, eta elkartasunezko kotizazio berriaren baldintzak aldatu nahi dituen gobernuak legea berritu beharko du.

Azkenik, baby boom izeneko belaunaldiaren pentsio bolumen handia ordaindu ahal izateko, Erreserba Funtsetik edo pentsioen itsulapikotik diru gehiago hartu ahalko du Gizarte Segurantzak. Funts hori betetzen joango dela uste du gobernuak, eta 2048rako urtean Espainiako barne produktu gordinaren %0,91 atera ahal izango da; egun BPGaren %0,1 bakarrik hartu daiteke urtean.

Escrivak Toledoko Itunaren Jarraipen Batzordean azaldu du erreforma berria gaur, eta biharko Ministroen Kontseiluaren ezohiko bileran dira onartzekoak, errege dekretu bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.