Musika

Larunbatean egingo dute Azpeitiko Sanjosetako Trikiti Jaialdia

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatzen dute jaialdia, eta 33. aldia izango da aurtengoa.

Sanjosetako XXXIII. Trikiti jaialdiaren agerraldia, gaur goizean, Azpeitian (Gipuzkoa). EUSKAL HERRIKO TRIKITIXA ELKARTEA
2023ko martxoaren 16a
11:46
Entzun

Trikiti eta pandero doinuek hartuko dute Azpeitiko Soreasu antzokia larunbat arratsaldetik aurrera. 17:30ean, hainbat trikitilari arituko dira agertokian. Dena prest dutela jakinarazteko eta gonbidapena egiteko, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean. Aurtengoa antolatzeko, «trikitiaren sentsibilitate eta behar ezberdinak» entzuten ahalegindu direla aipatu du Agurtzane Elustondo EHTE Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak. Sanjosetako 33. Trikiti Jaialdia izango da larunbatekoa, eta hauek izango dira parte hartzaileak: Aritz, Aitziber eta Anaitz; Eneko Arbeo eta Jon Izagirre; Eider eta Lierni Tolosa; Iñorkinak; Garixe eta Maltzeta; Traditions & Tradizioak (Joshua Edelman, Ander Garcia, Xabi Arakama, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga); eta Enaitz Alberdi, Amets Bilbao, Jokin Tolosa eta Ander Gorostiaga.

Izen ezagunak eta ez horren ezagunak uztartzen saiatuko direla aipatu du Ibon Errazu EHTEren antolakuntzako kideak, eta protagonista nagusiak trikitia eta panderoa izango badira ere, nabarmendu du beste zenbait instrumentu ere entzun ahal izango direla. «Hala nola Traditions & Tradizioak taldearen eskutik, itsas pianoak eta kontrabaxuak». Eneritz Albizu Azpeitiko Kultura batzordeburuak, berriz, azpimarratu du trikitia Azpeitiaren eta Euskal Herriaren «iraganaren eta orainaren» parte garrantzitsua dela.

Oraindik badira jaialdirako sarrerak eskuragai; Kulturaz-en webgunean edo Sanagustin kulturgunean lor daitezke, 13,5 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.