Lan gatazkak

Implikako langileek greba mugagabea hasi dute

Lan-formakuntza ikastaroak antolatzen dituen enpresa bat da, eta langileen erdiak kaleratu nahi ditu. 156 langilek dihardute Bilboko zentroan.

Implikako langileen protestaldia, Bilbon duen egoitzaren aurrean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 16a
12:43
Entzun

Implika lan-formakuntza ikastaroak ematen dituen zentroak Bilbon dituen langileek greba mugagabea hasi dute, enpresak egin nahi duen lan erregulazioa gelditzeko asmoz. ELAk deitu du grebara, langile batzordeko hamahiru ordezkarietatik zazpi hark ditu, eta dagoeneko esan du ez duela babestuko enpresaren erabakia. Sindikatuaren arabera, enpresak irabaziak izan ditu azken urteetan.

Implikak 363 langile ditu, eta horietatik 156k Bilboko zentroan dihardute. Beste lantokiak Espainian eta Katalunian ditu. Enpresak enplegua erregulatzeko prozesua hasi du, 185 kaleratze egin asmo baititu. Derrigorrezko negoziazio epea gaur hasi da, Madrilen. ELAk erabaki hori ere kritikatu du, enpresak egoitza soziala Bilbon duenez negoziazioak Bilbon egin beharko liratekeelako.

Implika formakuntza zentro pribatu bat da, eta, besteak beste, lanbide heziketako programak edo oposizioak prestatzeko ikastaroak ematen ditu. Enpresa duela bederatzi urte sortu zuten, Bilbon, eta 2019an 22 milioi euroko negozio bolumena izan zuen. Urte hartan, Suma Capital funtsak %55 erosi zuen, 10 milioiren truke. Hura izan zen akziodun nagusia harik eta iazko ekainean KKR inbertsio funtsak 60 milioi euroan erosi zuen arte.

Lehen bileraren ondoren, ELAk zehaztu du sakon aztertuko duela enpresak emaniko dokumentazioa, eta aurreratu du agiri gehiago eta erabateko gardentasuna exijituko duela. Langileek manifestaziora deitu dute hilaren 22rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.