Pentsioen erreforma

Espainiako Ministroen Kontseiluak pentsioen erreforma onartu du

UGT eta CCOO sindikatuekin izandako negoziazioen ostean onartu dute dekretua, baina patronalaren babesik gabe. EH Bilduk alargun pentsioak handitzea adostu du Espainiako Gobernuarekin.

Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, gaur, Ministroen Kontseiluaren ezohiko batzarraren ostean, Madrilen. MARISCAL / EFE
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 16a
13:06
Entzun

Sindikatuekin azken xehetasunak adostu ostean, Espainiako Ministroen Kontseiluak pentsioen erreforma onartu du. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak iragarri du kontseiluaren onespena prentsaurrekoan, eta adierazi du gainontzeko neurriekin batera —gutxieneko soldataren igoera eta lan erreforma— inoizko enplegu daturik onenak lortuko dituztela 2023ko lehen hiruhilekoan: «200.000 enplegu berri izango ditugu hilabete amaierarako».

CEOE patronala aurka izan du Escrivak pentsioen erreforma aurrera ateratzerakoan. Izan ere, kotizazioak handitzeko erabakia hartu du Espainiako Gobernuak pentsio sistemaren kontuak orekatzeko, soldata handienak dituztenenak batez ere. Horrek enpleguaren sorrera «arriskuan» jartzen duela uste du patronalak. Botere betearazleak dekretu legea onartu ostean, botere legegileak, hau da, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak, legearen alde egin beharko du datozen 30 egunetan.

PSOEren eta Unidas Podemosen botoak ez dira nahikoa legea aurrera ateratzeko, eta Pedro Sanchezen gobernua negoziatzen ari da legealdi honetan aliatu izan diren beste alderdiekin. Negoziazio horien seinale da EH Bilduk eta gobernuak itxi berri duten akordioa. Alargun pentsioak igotzea hitzartu dute, eta kotizaziopeko pentsioekin berdinduko dituzte lau urteren buruan, progresiboki igoz. Epe horren amaieran, %17 handituko dira banakako pentsioak, eta %30, berriz, ezkontidea bere karguan dutenenak.

Zeintzuk dira, baina, erreforma berriak ekarriko dituen aldaketa nagusiak?

KOTIZAZIO EPEA
Bi aukera izango dira hurrengo hogei urteotan

2011ko erreformak, Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) presidente zela, hamabost urtetik 25era luzatu zuen progresiboki pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartzen den epea —2022tik dira 25 urte—. Epe hori luzatzea proposatu zuen Escrivak, baina UPren eta sindikatuen ezetzak konpromiso batera behartu du. Ondorioz, bi sistema izango dira hurrengo hogei urteotan, eta langileak gehien komeni zaiona aukeratu ahal izango du: azken 25 urteak, edo azken 29 urteetatik 27 urterik onenak —berez, 24 hilabete txarrenak kendu ahal izango ditu, hilabeteak baitira erreferentzia—.

Azken kalkulu hori ere progresiboki jarriko da indarrean, 2026tik aurrera eta hamabi urtez. Teorian, mesede egiten die lan bizitza zatituagoa izan dutenei, enplegua galdu dutenei eta zaintza kontuengatik enplegua aldi baterako utzi dutenei. Hiru langiletik bat, Escrivaren arabera. Ulertzen denez, hura izango da indarrean hogei urteetako trantsizioa bukatzen denean.

KOTIZAZIO HUTSUNEAK
Konpentsazioak, gora

Beren lan ibilbidean etenak dituztenek —emakumeak, batik bat— konpentsazio hobeak izango dituzte. Proposamenaren arabera, lehenengo lau urteetan estatuak %100 beteko lituzke kotizazio etenak, eta %50 gero. Gainera, besteren kontura lan egiten duten emakumeen kasuan, gutxieneko oinarriaren %100 bere gain hartuko luke bosgarren urtera arte, eta %80 seigarren eta zazpigarren urtera arte.

Horrez gain, sexu arrakalaren osagarriak %10eko igoera izango luke bi urtez, 2024tik 2026ra, urteko errebalorizazioarekin batera. Aurten 30,4 euro dira seme edo alaba bakoitzeko, 121 euroko mugarekin, eta batez ere emakumeek jasotzen dute.

KOTIZAZIOAK
Handitu egingo dira

Pentsio sistemaren defizita estaltzeko tresna kotizazioak bi modutara handitzea izango da. Batetik, MEI belaunaldien arteko elkartasun errekargua handitu egingo da. Hasiera batean, hamar urterako neurria da, baina orain 2050era heltzea da helburua. Aurtengo urtarrilean aplikatu da lehen aldiz, eta, horren bitartez, 0,6 puntu handitu dira gizarte kotizazioak —Gizarte Segurantza finantzatzeko soldatetatik ateratzen den zatia—: 0,5 puntu enpresaren zatia (kotizazio oinarriaren %24,1) eta 0,1 langileena (%4,8). Erreforma indarrean jartzen bada, beste 0,6 puntu haziko da: %24,6 pagatuko dute enpresek, eta %4,9 langileek. Progresiboki igoko dute, hamarren bat urtean 2029ra arte.

Soldata handien kotizazioak, are gehiago

Bigarrenik, handitu egingo da soldata handien gehienezko kotizazioa. Gaur egun, urteko kotizazio oinarriaren 53.958 euroraino kotizatzen da —4.495 euro hilean—, eta hortik gorako zatiarengatik, ezer ez. 2024 eta 2050 bitartean, urtero KPIa gehi 1,2 puntu handituko da gehienezko oinarria, 70.000 eurora heltzeko (+%30) epe horren amaieran.

Aurrerantzean, urteko 54.000 eurotik gorako errenta jasotzen dutenei kotizazio gehigarri bat aplikatuko zaie kopuru horretatik aurrerako tarteari —elkartasun kotizazioa—, baina soldatapeko langileek bakarrik ordainduko dute, ez autonomoek. Progresiboki joango dira aplikatzen kotizazio berri hori; 2025ean %1 izango da, eta 2045ean %6ra iritsiko da, urtero %0,25 gehituta. %5 enpresak ordainduko du, eta %1 langileak.

Horrez gain, momentuko gobernuak 54.000 euroko langa aldatzeko aukera izatea ezabatu dute, eta elkartasunezko kotizazio berriaren baldintzak aldatu nahi dituen gobernuak legea berritu beharko du.

Gehienezko pentsioak ere handituko dira, baina motelago eta gutxiago: KPIa gehi 0,0115 puntu urtero 2050erako, eta gehiago 2051-2065 epean.

Erreserba Funtsa

Pentsio sistemaren defizita amaitzeko, pentsoen Erreserba Funtsetik diru gehiago atera ahal izatea adostu zuen atzo Escrivak sindikatuekin. Izan ere, gero eta pentsiodun gehiago eta kotizatzaile gutxiago egongo dira urtez urte, baby boom belaunaldiari erretiroa hartzeko adina iristen ari baitzaio. Erreserba Funts hori —pentsioen itsulapikoa bezala ezaguna— betetzen joango dela uste du gobernuak, eta 2048rako urtean Espainiako barne produktu gordinaren %0,91 atera ahal izango da; egun BPGaren %0,1 bakarrik hartu daiteke urtean.

PENTSIO TXIKIAK
Pobreziaren atalasearekin berdinduko dira

Gutxieneko pentsioak handitzea zehaztu zuten atzo sindikatuek eta Escrivak. Gutxieneko pentsioak progresiboki hasiko dira igotzen, eta 2027an iritsiko dira helburu duten kopuruetara. Ezkontide bat beren kargu duten 65 urtetik gorakoen gutxieneko pentsioak bi helduz osatutako etxe baten pobreziaren atalasea gainditu beharko du urte horretarako. Gaur egun, pentsio hori urtean 13.527 euro garbi dira —966 euroko hamalau ordainsari—, eta bi helduz osatutako etxe baten pobrezia atalasea, berriz, 14.302 euro garbi dira —1.020 euroko 14 ordainsari—.

Ezkontiderik beren kargu ez dutenen gutxieneko pentsioak ere handituko dituzte —gaur egun 10.963 euro garbi dira urtean—, baita kotizaziorik gabeko pentsioak ere. Azken horiek heldu batez osatutako etxe baten pobrezia atalasearen %75era iritsiko dira 2027an, KPIra moldatuta. Gaur egun, pobrezia atalase hori urtean 7.151 euro garbi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.