Artea

Oskar Kokoschkaren atzera begirakoa zabalduko du Bilboko Guggenheim museoak

Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan hasi, eta Bigarren Mundu Gerra amaitu arteko ibilbidea aztertuko du erakusketak, 120 obraren bitartez. Irailaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Bisitari bat Oskar Kokoschkaren erakusketa ikusten, Bilboko Guggenheim museoan. Aurrealdean, artistak Ferdinand Bloch-Blauerri egindako erretratua. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko martxoaren 16a
17:44
Entzun

«Espresionista naiz, bizitza espresatzea baita egiten dakidan gauza bakarra». Hala definitu zuen bere burua Oskar Kokoschka artista austriarrak (Pochlarn, Austria, 1886 - Montreux, Suitza, 1980). Etengabe berritzen aritu zen margolaria, eta, hain zuzen, ideia hori baliatu dute Bilboko Guggenheim museoko ordezkariek ere haren lanaren nondik norakoak azaltzeko. Oskar Kokoschka: Vienako errebeldea deitu dute bilduma, eta Dieter Buchhart eta Anna Karina Hofbauer aritu dira komisario lanetan. Guztira, 120 obra inguruko atzera begirakoa osatu dute, eta irailaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketa kronologikoki antolatuta dago. Zehazki, Lehen Mundu Gerraren aurrekoak dira artistaren aurreneko obrak: giza gorputza eta haren adierazpideak ziren orduko gai nagusiak. Trazu sotil baina adierazkorrekin irudikatzen zituen modeloen mugimenduak, eta berehala hasi zen jaioterrian arrakasta lortzen. «Horixe izan zen Kokoschkaren kritika erradikalaren hasiera: zeharo erradikalak dira erakusten dituen diseinu, lerro eta esperimentazio kromatikoak», azpimarratu du Buchhartek.

Bereziki, erretratugintza landu zuen artistak, eta hasiera-hasieratik jaso zituen horiek egiteko enkargu ugari: modeloak barnean zuen ni-a erakusten saiatzen zen une oro. Erakutsi zuen erradikalismoaren ondorioz, baina, naziek jomugatzat hartu zuten, eta «arte degeneratuaren» ordezkari izendatu zuten.

Garai hartan ezagutu zuen Alma Mahler konpositorea. Artistak marrazki bat egin zion pianoa jotzen ari zen bitartean, eta hala abiatu zen euren maitasun harremana. Kokoschkaren musa ezagunena izan zen konpositorea; egin zizkion erretratuak ugariak dira. Hala ere, obsesio bilakatzera iritsi zen azkenean Mahler Kokoschkarentzat. Horren erakusgarri da erakusketan ikusgai dagoen Iturburua obra. «Panpina bat bezala irudikatzen du Mahler, hamar urtez egon zen obra errepasatzen», azaldu du Hofbauerrek.

1914an eten zuen maitasun harremana Mahlerrek, eta jarraian sartu zen armadan Kokoschka, Lehen Mundu Gerra hasi eta berehala. Bitan zauritu zuten margolaria, eta, azkenik, Dresdenera (Alemania) lekualdatu behar izan zuten. «Depresio sakon bat eragin zion gerrak, eta horixe islatuko du aurrerantzean bere lanetan: etengabe aritzen zen bere burua zalantzan jartzen», azaldu du Buchhartek. Garai hartakoa da Autorretratua: «Artistak serio begiratzen dio ikusleari, eta eskuarekin, gerran zauritu zuten eremua seinalatzen du». Sasoi hartako obrak koloreen bizitasunagatik dira ezagunak, batez ere.

Bizitza nomada

Handik, mundu osoan barrena bidaiatzeari ekin zion artistak, Paul Cassirer galeristaren babes ekonomikoari esker. Tartean, Europan, Ipar Afrikan zein Ekialde Hurbilean izan zen. Eta, pixkanaka, eremu berriak arakatzen hasi zen. «Koloreen bitartez eratutako espazio bat sortu nahi dut», errepikatzen zuen artistak behin baino gehiagotan. Erretratuetan erabiltzen zituen teknikak paisaien pinturetara eraman zituen, eta, era berean, animalien erretratuak egiten ere hasi zen. Tigerlöwe obra nabarmendu dute bi komisarioek: «Artista zoo bat bisitatzera joaten zen, eta zain egoten zen tigrea kobazulotik atera arte. Askatasun osoz mugitzen zen animalia, eta tarte hori baliatzen zuen erretratua egiteko». 1926an Cassirerrek bere buruaz beste egin zuenez, diru iturririk gabe geratu zen Kokoschka, eta Vienara itzuli behar izan zuen 1932an.

Faxismoaren goraldiaren ondorioz, suntsituta aurkitu zuen hiria. Ekintzailea izan zen aktibismo politikoaren testuinguruan, eta bere lanetan gai politikoak lantzen hasi zen. «Faxismoaren aurka borrokatzeko konpromiso publikoa hartu zuen Kokoschkak; hainbat artikulu idatzi zituen, baita hitzaldiak antolatu ere», kontatu du Hofbauerrek. Hain zuzen, «erresistentziarako tresna gisa» erabili zuen artea.

Gerora, naziek Austria anexionatu zutenean, Pragatik Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen. «Hutsetik hasi behar izan zuen», kontatu du Buchhartek. Hala, areagotu egin zen haren konpromezu politikoa, eta «bakezale» gisa nabarmentzen hasi zen. Sasoi hartakoa da, esaterako, Lagundu haur euskaldunak deituriko obra, 1936ko gerraren eraginez Hego Euskal Herritik ebakuatutako haurrei laguntzeko deia egiten zuena.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Suitzara joan zen margolaria, eta, han, «heldutasun handiko» obrak ekoizten jarraitu zuen. Besteak beste, Greziako eta Erromako arte eta arkitektura klasikoak margotzeari ekin zion, eta, komisarioen hitzetan, «askatasun artistiko agortezina» aurkitu zuen horietan. Time, Gentlemen Please da Kokoschkak margotu zuen azken margolana, eta, hain zuzen, horrekin ixten da erakusketa bera ere. «Taberna itxiko dutela esateko erabiltzen zen Time, Gentlemen Please (Mesedez, ordua da jaunak) esamoldea, eta, artista gisa, erretiroa hartuko zuela adierazteko erabili zuen», kontatu du Buchhartek.

Diziplina ugaritan maisu

Hainbat diziplinatan gailendu zen Kokoschka. Halere, artea izan zen haren bizitzako hari nagusia. Erakusketaz gainera, aukera egongo da artistaren beste hainbat alderdi ezagutzeko. IIkus-entzunezko pieza bat jarri dute ikusgai, Kokoschkaren ibilbidearen gakoetako batzuk erakusten dituena. Bestetik, irakurketarako eta kontsultarako gune bat ere prestatu dute. Halaber, katalogo bat ere badago eskuragarri. Margolariaren lanaren inguruko azterketa sakon bat da, eta erakusketan ikusgai dauden obren erreprodukzioekin batera, hainbat esku hartze irakur daitezke.

Bilboko Guggenheim museoak ez ezik, Parisko MAM Arte Modernoko Museoak ere parte hartu du erakusketan. Parisen egon da ikusgai lehenik, eta BBVAren babesarekin heldu da Bilbora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.