Irak
Iraki erasotzea ahalbidetu zuten aginduak indargabetzeko lehen urratsa egin dute AEBek
Senatari errepublikano batek eta demokrata batek aurkeztu dute proposamena Kongresuan. Ganberak datorren astean bozkatuko du.

Indar Militarra Baliatzeko Baimenek Irakeko bi gerrak ahalbidetu zituzten: 1991koa eta 2003koa. Baina ez horiek bakarrik. Izan ere, prozeduren helburua Iraken aurkako erasoaldiak baimentzea zen arren, Barack Obamak eta Donald Trumpek horiek baliatu zituzten bai EI Estatu Islamikoaren aurkako erasoak egiteko Iraken eta Sirian, baita Irango jeneral Qasem Soleimani hiltzeko ere.
Bi senatarik aurkeztu dute lege proposamena, Todd Young errepublikanoak eta Tim Kaine demokratak, nabarmenduz alderdi bien babesa duela egitasmoak. Kongresuak datorren astean bozkatuko du, Irakeko bigarren gerra hasi zela hogei urte betetzen direnean. Bi senatariek azaldu dutenez, gaur egun AEBentzako «aliatu garrantzitsua» da Bagdad Ekialde Hurbilean, eta baimenak atzera botatzeak agerian utziko luke «harekiko konfiantza».
«Hamarkadetan egin ez dugun zerbait egingo dugu Senatuko kideok: gerra ahalbidetu zuten baimenei buruzko eztabaida independente bat. Kongresuak erantzukizunez jokatu behar du, eta baimenok indargabetu», azaldu du Youngek. AEBetako presidente Joe Biden ere baimenak indargabetzearen alde agertu da.
Erabakiak ofizialki amaitutzat emango luke George W. Bushen aginduz hasitako Irakeko bigarren gerra, baina berretsi ere egingo luke erasoaldiak baimentzeko Kongresuaren eskumena.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.