Cascanteko eskolak PAItik ateratzea erabaki du

Ingelesez ikasteko programari uko egiten dion bigarren ikastetxea da. Aurretik, Castejongoa irten zen, traba administratibo ugari gainditu ostean.

Carlos Gimeno, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 17a
12:13
Entzun

Cascanteko Santa Vicenta Maria ikastetxe publikoak (Nafarroa) PAI Ingelesez Ikasteko Programa utziko du datorren ikasturtetik aurrera. Ez da bide hori hartu duen lehena: iazko ikasturtean, Castejongo Dos de Mayo eskola publikoak ere atzera egin zuen, programa hori «inposatu» zitzaiela eta «kalte handia» eragin ziela argudiatuta. Aurten, Nafarroako 116 ikastetxetan ezarria dago PAI. Hizkuntza eredu guztietan eskaintzen da, baina bitan dago hedatuen: gaztelania hutsezko G ereduan eta euskara irakasgai duen A ereduan.

Cascanteko eskolak erabakia orain hartu badu ere, PAItik ateratzeko prozesua ez da berehalakoa izanen. Era progresiboan kenduko dute, Hezkuntza Departamentuaren protokoloen arabera: irailean 2023-2024ko ikasturtean hasiko diren ikasle berriek ez dute ingelesezko eduki gehigarririk izanen; orain arte PAIn ikasi dutenek, ordea, programari eutsi beharko diote, Lehen Hezkuntzako 6. maila bukatu arte.

Antzeko bidea egiten ari da Castejongo Dos de Mayo eskola ere: zuzendaritzak eta klaustroak 2020an erabaki zuten PAItik ateratzea, baina Hezkuntza Departamentuak ez zien horretarako baimenik eman 2021-2022ko ikasturtera arte. Ikastetxe horren zuzendari Gemma Martinezek gogor hitz egin zuen ingelesezko programaren eta Hezkuntza Departamentuaren aurka iaz BERRIAn argitaratutako erreportaje batean. Zehazki, nabarmendu zuen programak «arazo handiak» eragin zizkiela irakasleei, zuzendaritza taldeari eta, batez ere, egoera zaurgarrian diren familiei; haurren ingeles maila ez zela nabarmen hobetu, eta, are okerrago, «gabeziak» sumatu zituztela gainerako ikasgaietan. Ez da kasu bakarra. Espainiako Estatuan, ia ehun ikastetxetan eten dituzte PAIren gisako «programa elebidunak», motibo bertsuak argudiatuta. «Nik argi daukat: PAI gurasoak dira. Zure familiak aukera badu eskolaz kanpoko akademia bat edo irakasle pribatu bat pagatzeko, ez duzu arazorik izanen; bestela... hor konpon», esan zuen Martinezek.

Ikusi gehiago:PAIren itzalak, arbelera

Yolanda Barcinaren gobernuak 2011-2012ko ikasturtean ezarri zuen lehen aldiz PAI, baina ingelesezko programak Nafarroako hezkuntza sarean txertatzeko ahaleginak askoz lehenagokoak dira. 1990eko hamarkadaren bukaeran, hazkunde betean zen D eredua, eta gaztelania hutsezko G ereduan, berriz, gero eta haur gutxiago matrikulatzen ziren. Egoera horretan, UPNren gobernuak British izeneko programa sortu zuen 1997-1998ko ikasturtean.

2007tik aurrera, TIL Hizkuntzen Trataera Integratua abian jarri zuen Miguel Sanzen gobernuak, egungo PAIren aurrekari zuzena. Hala ere, Barcina izan zen PAI programaren sustatzaile nagusia. Aurretiazko ikerketarik edo proiektu piloturik egin gabe ezarri zuen, eta Hezkuntza Departamentuko Ingeles eta Ikuskaritza zerbitzuen kontrako txostenei entzungor eginez. Bigarren fasean, 2012tik 2015era, azeleragailua zapaldu zuten: beste 60 eskola sartu zituzten programan, haiek nahi ala ez.

Ikusi gehiago:Mailukada bat PAI iltzatzeko

2015ean, hazkunde neurrigabe horri galga jarri nahi izan zion Uxue Barkosen gobernuak: martxan jarri zuten PAIren ebaluazio bat, eta atea ireki zuten programatik atera nahi zuten ikastetxeek horretarako aukera izan zezaten. Ebaluazioak agerian utzi zuen alde txikia zegoela PAI programako ikasleen eta gainerakoen artean ingeles mailari dagokionez. Hala ere, laukoak ez zuen programa eten. 2019an, PSN agintera iritsita, PAIren defendatzaile sutsua den Carlos Gimeno izendatu zuten Hezkuntza kontseilari. Iaz, PAI hizkuntza eredu bihurtzeko bideari ekin zion PSNren gobernuak, lege proposamen baten bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.