Albistea entzun

Gobernantza

Garamendik ez du azaldu nola gertatu diren filtrazioak Etika Batzordean

Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, esan du legeak galarazi egiten diola horretaz jendaurrean hitz egitea

Olatz Garamendi, Legebiltzarreko kontrol saioan.
Olatz Garamendi, Legebiltzarreko kontrol saioan. Endika Portillo - Foku Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2023ko martxoak 17 13:15

Ate birakarien auzia eta, oro har, Etika Publikorako Batzordearen jarduera eztabaidagai izan dira Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta oposizioko taldeek zenbait galdera egin dituzte horren inguruan. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak batzordean izandako filtrazioen auzia eraman du saiora, eta horretaz galdetu dio Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendiri. Sailburuak erantzun dio batzordeko kideek betebeharra dutela han jorratzen duten informazioa sekretupean gordetzeko eta, beraz, legeak galarazten diola jendaurrean horretaz hitz egitea. Edonola ere, Estarronari leporatu dio «gauzak nahastea» eta «funtzionario publikoen jarduera susmopean» jartzea.

Hain zuzen ere, informazioa sekretupean gordetzeko betebehar hori urratu izana leporatu zion EH Bilduk batzordeari joan den astean. Koalizioak esan zuenez, duela zenbait hilabete Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak Garraio Plangintzako zuzendari Ivan Pedreiraren kasua eraman zuen Etika Batzordera, haren jokabidean «interes gatazka nabarmena» egon zela iritzita. Batzordeak kasua ebatzi ostean, legebiltzarkideak Pedreiraren abokatuaren mezu elektroniko bat jaso zuen, nahiz eta, teorian, batzordeko kideek baino ezin zuten jakin bera izan zela salatzailea. Mezu horretan, abokatuak auzitara eramatearekin egin zion mehatxu.

Bere hitzaldian, Estarronak esan du gertatutakoa «larria eta onartezina» dela, eta Garamendiri leporatu dio «ezer egin ez izana» mehatxuen aurrean, «lehen minututik horren jakitun egon arren»; izan ere, abokatuak Garamendiri ere igorri zion mezua kopian. Zenbait galdera egin dizkio: «Espero dut filtrazioa zeuk egin ez izana, baina batzordea osatzen duten gainerako lauretatik nor izan da? Lehenago ere filtraziorik egon da? Pentsatu duzu honen aurrean zerbait egitea? Eta gertatutakoaren ostean, nor ausartuko da ordezkari publiko baten jokabidea salatzera?».

Garamendik erantzun dio beti saiatu dela «zorroztasun juridikoz eta gardentasunez» jokatzen, eta Estarronak aipatutako gaiak jorratu dituztela batzordean, baina legeak galarazten diola horretaz adierazpenik egitea.

Ate birakariak

Oposizioko beste taldeek ere galdetu dute batzordearen jardueraz, bereziki ate birakarien auziari lotuta. Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Miren Gorrotxategik gogorarazi du kode etikoa arautzen duen legea 2014an onartu zela, eta Etika Publikorako Batzordeari dagokiola hori betetzen dela bermatzea, baina orain arteko bere jardunean oso gutxitan egin dituela ordezkari publikoen jarduera txarretsi duten ebazpenak. «Hala ere, susmo arrazoituak daude ate birakariak zabalik ote dauden», erantsi du.

Gorrotxategiri Iñigo Urkullu lehendakariak erantzun dio. Haren ustez, Etika Publikorako Batzordeak bere eginkizuna betetzen du, «eta hala egingo du aurrerantzean ere». Esan duenez, kargudun publikoen interesen kontra hain ebazpen gutxi egin izanaren arrazoia da «ordezkari gehien-gehienak zintzotasun eta gobernantza onaren irizpideen arabera» aritzen direla.

Gorrotxategik ihardetsi du ezen, batzordearen jarduera gorabehera, «zalantzaren itzala» hor dagoela oraindik, eta Jaurlaritzaren goi mailako bost ordezkari ohien kasuak aipatu ditu: guztietan, esparru publikoan aritzen ziren jarduerarekin zerikusia duten enpresetan hasi dira lanean kargu publikoa utzi eta denbora laburrera: «Badirudi gobernuak ez duela desberdintzen ordezkari politikoek lanera itzultzeko duten zilegizko eskubidea eta karguaz edo alderdiaren txartelaz baliatzea».

Gorrotxategik zalantzan jarri du Etika Publikorako Batzordearen osaketa, kide zenbait «alderdi politiko bati lotuta» daudelakoan, eta lehendakariari eskatu dio «ardura hartzeko eta egoera aldatzeko». Horren aurrean, Urkulluk erantzun du EAEk arlo honetan duen legezko esparrua «aitzindaria, zorrotza eta gardena» dela, eta «munduko demokraziarik aurreratuenen artean» dagoela: «Susmoa dut ate birakarien auzi honetan batzuk nahita ari direla nahasmena eragiten».

"Harreman zuzena"

PP-Ciudadanos taldeko Jose Manuel Gilek ere ate birakarien auziaz galdetu du, eta «eskandalutzat» jo du enpresa pribatuetan lanean hasi diren bost kargudun ohien auzia: «Gizartean kezka dago gai honen inguruan, eta badirudi zuk ez beste guztiok ikusten dugula arazoa». Urkulluk erantzun dio ordezkari publikoek badutela lanean aritzeko eskubidea kargua utzi ondoren, eta horri legeak eragozpen bakarra jartzen diola: ardura utzi eta hurrengo bi urteetan ezin izatea aritu ordezkari publiko izandako garaian «harreman zuzena» edukitako enpresetan. «Legeak ondo zehazten du zer den eta zer ez den harreman zuzena», erantsi du.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Udalbiltzaren batzorde eragileerria. ©Udalbiltza

Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea izango da Udalbiltzako lehendakari berria

Gurutze Izagirre Intxauspe

Udal eta foru hauteskundeetako emaitzen ostean, Kontseilu Nagusia berritu dute.

Espagnac eta Brisson (ezkerrean), artxiboko argazki batean ©Bob Edme

Espagnac, Brisson eta St Pe izanen dira Frantziako Senatuan

Ekhi Erremundegi Beloki

Atzo iragan ziren Frantziako Senaturako bozak Ipar Euskal Herrian. Orain arteko hiru senatariak karguan atxikitzearen alde egin zuten hautetsiek.

EAJ kideak, gaur, Forondan (Araba). ©EAJ

Ortuzar: «EAJk entzun du herritarrek azken hilabeteotan esan diotena»

Berria

Alderdi Eguna ospatu du EAJk Forondan. EBBko presidenteak «zentraltasuna» aldarrikatu du, eta esan du beste alderdi eta eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.

Arkaitz Rodriguez, atzo, Arrasateko Uarkape frontoian eginiko hitzaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sortuk abagunea baliatu nahi du Madrilen nazio auzia jorratzeko

Iosu Alberdi

Alderdi independentistak VI. Nazio Konferentzia egin du, eta militanteek aurrera begirako plan politikoa onartu dute. EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua berretsi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...